Zu zeu

Asier Morillo: "Sortzen ditudan edukiak jarraitzaileek serio hartzea bilatzen dut"

Maialen Etxaniz 2026ko apirilaren 8a

Asier Morillo. (Maialen Etxaniz)

Euskal Herriko parajeak eta txokoak erakusteko bideoak sortzen hasi zen Asier Morillo (Azpeitia, 2003) duela bi urte inguru. Zaletasunak bultzatuta ekin zion egitekoari sare sozialetan, baina algoritmoaren munduak oihartzuna eta ikusgarritasuna eman dizkio gazte azpeitiarrari, eta uneotan 26.000 jarraitzaile inguru ditu. Martxoko Azpeitia Guka aldizkariarem Zu zeu ataleko elkarrizketa da hau.

Azken hilabeteotan jarraitzaile asko lortu ditu sarean Morillok, eta haren edukia are gehiago zabaldu da. Hankak lurrean ditu, ordea, eta edukia sortuz gozatzen jarraitzea da haren erronka, oraingoz.

Noiz eta zergatik hasi zinen edukiak sortzen sare sozialetarako?

Nire egunerokoan bideoak grabatzea eta editatzea atsegin dudalako eta horretan ondo pasatzen dudalako hasi nintzen edukiak sortzen. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) gradua egin dut, eta horrek ere bultzatu ninduen sare sozialetako edukiak sortzera eta horien forman pentsatzera, markei nire lan egiteko eta jarduteko modua erakusteko. 

Zer-nolako edukiak egiten dituzu?

Bideo laburrak egiten ditut, gehienak naturari lotutakoak: Euskal Herriko txoko ederrak, behatokiak, mendi irteerak... Eguneroko kontuei lotutakoak ere bai: festa, futbola, kirola, aisialdia...

Hasieran gaztelaniaz sortzen zenituen bideoak...

Bai, horrela da. Ezin da ukatu gaztelaniaz sortzeak hedapen handiagoa ematen diola edukiari; modu horretan kanpoko jende askorengana iristen da edukia, eta horren kontziente naiz. Hala ere, hasieran nahikoa inertziaz egin nuen, graduko ikasketek ere horretara bideratu nindutelako. Finean, Euskal Herriko nahiz Espainiako jendeak ikasten du LEINN, eta ikasketak ere ez ditugu euskara soilean jasotzen. 

Dena den, euskararen aldeko erabilerara ere egin duzu salto. Zergatik?

Azpeitiar-azpeitiarra naiz, eta euskaraz bizi naiz, hemen ia denok egiten dugun bezala. Euskaraz bizi ez ezik, pentsatu ere horrela egiten dugu. Beraz, erderazko edukiak sortzean, lan bikoitza egiten dut, esan beharrekoa gaztelaniaz nola esan pentsatu ez ezik, ondoren gaztelaniaz txukun hitz egin behar dudalako. Ohartu nintzen ez zeukala zentzurik, euskaraz bizi naizen unetik, edukiak euskaraz ez sortzeak. Asko hausnartu ostean, bideo berezi bat kaleratu nuen euskarazko edukiak sortzen hasiko nintzela azaltzen. Horrek harrera oso ona izan du, eta esango nuke inguruko jendea orduan hasi dela ni serioago hartzen. 

Zein da zure hartzaile potentziala?

Uste dut 23 urtetik gorako eta 35 urte ingurura arteko pertsonak direla nik sortutako edukien hartzaileak, gehienbat euskaldunak, autoa dutenak eta bidaiatzea atsegin dutenak. Hala ere, jarraitzaile erdaldun asko ditut, eta ezezagunei zuzendutako taldekako irteeretan [horrelako ekintzak ere antolatzen ditu] parte hartzera animatu diren gehienak ere horrela izan dira.

Gero eta eduki sortzaile gehiago daude Euskal Herrian. Nola ikusten duzu egoera?

Bai. Duela gutxi egin zuten euskarazko eduki sortzaileen aurreneko topaketa, eta orduan ikusi zen jende dezente dabilela mundu honetan. Batzuek oihartzun handiagoa dute, eduki landuagoak egiten dituzte, baina jendea egon badago, eta goraka doan joera da. 

Herri batean bizi gara. Nola kudeatu duzu herriko jendearen jarduna? 

Hasieratik beldurtzen ninduen zerbait zen jendearen erreakzioa. Jendeak arraro begiratzen zidan hasieran, eta bakarren batzuk adarra ere jo zidaten. Ez nuen oso ondo pasatu, baina orain, badirudi jendeak ulertu duela.

Erreferenterik ba al duzu?

Bat aipatzekotan, Carmen Llatas.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide