Unai Marrerok Kopako finala jokatuko du Realarekin

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 5a

Txuri-urdinak finalerako sailkapena aldageletan ospatzen; eskuin aldean ikus daiteke Marrero. (Reala)

Realak 1-0 irabazi zion Athletici Kopako finalerdietako itzulerakoa atzo, eta txuri-urdinek Atletico Madrilen aurka jokatu beharko dute finala Sevillako (Espainia) La Cartuja zelaian, apirilaren 18an. Realarekin lehen titulua irabazteko aukera izango du atezain azpeitiarrak.

Unai Marrero atezain azpeitiarrak Espainiako Kopako finala jokatuko du Realarekin. Talde txuri-urdinak 1-0 irabazi zion Athletici atzo, asteazkena, Anoetan, Oiartzabalek penaltiz sartutako gol bati esker. Bilboko emaitza errepikatu zuen Realak atzo bere zelaian, eta hala, apirilaren 18an Sevillako (Espainia) La Cartuja zelaian jokatuko den finalerako sailkatu dira txuri-urdinak; Atletico Madril taldea izango du arerio Realak. 

Hasiera ona egin zuen Athleticek, eta estu hartu zuen Reala. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, txuri-urdinek bere lekua aurkitu zuten zelaian, eta partidari neurria hartzen hasi ziren. Nolanahi ere, hutsean amaitu zen lehen zatia. Bigarren zatiari ere Bilbokoek hobeto ekin zioten, eta lehen zatian baino gehiago kostatu zitzaien Athleticen jokoa kontrolatzea. Dena den, amaierarako bost minuturen faltan ziurtatu ahal izan zuen Realak garaipena. Epaileak VARaren laguntzaz penaltia adierazi zuen txuri-urdinen alde, eta Mikel Oiartzabalek ez zuen barkatu 11 metrotatik. 

Epaileak amaiera adieraztearekin bat lehertu zen festa Anoetan; izan ere, saria ez da nolanahikoa: Realak Kopako finala jokatuko du, oraingo honetan, zaleen babesarekin. 2021eko apirilaren 3an irabazi zuten txuri-urdinek Kopako titulua Athleticen aurka, Sevillan, eta bost urteren ondoren, zelai berean jokatuko dute finala Atletico Madrilen aurka. Marrerok goi mailako lehen titulua eskuratzeko aukera izango du orduan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide