Erretiroa hartzea ez da beti erretiratzearen baliokide izaten, eta horren adibide da Joxe Arregi (Oñatz, 1952). Frantziskotarra, apaiza eta Teologian doktore, elizgizon izan zen mende erdian egin zituen lanek eman zuten zeresana, baina are gehiago, Eliza uztera eraman zuten pausoek eta harrezkero eman dituenek. 73 urterekin, erretiroa aspalditxo hartu zuen baina lanean jarraitzen du, bere kabuz eta bere erritmora. 2023an frantsesez argitaratu zuen liburua euskaratuta aurkeztu du berriki: Jainkoa, jaun goikoaz harago. Teologia berri baterako ildoak. Aizarnako bere etxean lanerako duen txoko argitsu eta txukunean, liburuz eta Joxe Azurmendiren inguruan lantzen ari denaren apuntez inguratuta hartu du Guka Gerrantzuri baserriko semeak.
Elizgizon izateari utzi zenion sasoiko albiste batean, "abituak eta bizitza espirituala uztea" erabaki zenuela idatzi zuten. Bizitza espirituala, ordea, ez duzu inoiz alde batera utzi.
2010ean utzi nituen ordena frantsizkotarra eta apaizgoa, baina inoiz ez dut asmorik izan bizitza espirituala uzteko. Espiritu hitzak arnasa esan nahi du, eta arnasteari utziz gero, akabo. Sakoneko arnasa da, niretzat, bizitza espirituala, eta hori uzterik ez dut inoiz nahi izan. Orain ere saiatzen naiz, egunero, nire erara, horri eusteko praktika batzuk egiten. Goizean lehen orduan, eta arratsaldean edo iluntzean lanak amaitutakoan, badut ohitura ordu erdi hartzeko neuretzat; otoitza deitu, nahi baduzu; isiltasuna deituko nioke nik, edo meditazioa. Baina bizitza espirituala ez da horretara mugatzen.
Kanpora begira ere, plazaratzen dituzun iritzietan, idazten dituzun lanetan edota ematen dituzun hitzaldietan, ildo berari jarraitzen diozu.
Bai, noski. Ni kristau sentitzen naiz, nahiz eta, berez, bizitza espiritualak ez daukan zerikusirik ez kristautasunarekin, ez bestelako erlijioekin eta ez sinesmenekin. Zure barneko, sakoneko begirada da espiritualtasuna, inguratzen zaituena eta zarena, eta horrekiko leial izateko saiakera funtsezkoa. Dena den, kristaua naiz ni, hori nire erraietan dago eta ez diot uko egin nahi nire kristau identitate funtsezkoari, nahiz eta kristau izatea ere neure erara, egokien iruditu izan zaidan erara, bizitzen saiatzen naizen; dogmetatik libre, beti ere, eta Eliza Katolikoaren erakundetik libre, erlijioak ezartzen dituen muga horiez harago.
Eliza uztera bultzatu zintuzten inguruabarrak egunero bedeinkatzen zenituela esan zenuen duela bi urte Radio Euskadin egin zizuten elkarrizketa batean. Hamasei urte eta gero, nola oroitzen dituzu gertaera haiek?
Hartara behartuta sentitu nintzelako utzi nion duela hamasei urte frantziskotar eta apaiz izateari. Debekatu egin zidaten nik pentsatzen nuen bezala hitz egitea, idaztea eta teologia erakustea. Bietan bat, pentsatu nuen: nire barruak eskatzen didanaren kontra jardun eta erabat isildu edo barruak eskatzen didanari jarraitu. Azken horren alde egiteak eskatzen zuen, frantziskotarrekin gatazka saihesteagatik bereziki, haiek eta Arantzazu libre uzteagatik, eman nuen pausoa ematea; eta frantziskotarrekin adostuta egin nuen, gainera. Telesforo Zuriarrainek, une hartan frantziskotarren probintziala eta Arantzazuko arduraduna zenak –oso adiskideak ginen eta izaten jarraitu genuen–, zera galdetu zidan, erabakia hartu berritan: "Joxe, iruditzen zaik onerako hartu huala erabaki hori?". Eta nik erantzun: "Ez zekiat, Zuri, baina dakidana duk onerako izan dadin saiatu behar dudala".
Eta, gazi-gozo guztiekin, baina bai, bedeinkatzen ditut horretara eraman ninduten inguruabar haiek denak. Bereziki bedeinkatzen ditut nire ibilbidean krisi handia sorrarazi zuten urte haiek: Arantzazun egin nituen azken bost urteak, 2005etik 2010era, eta Arantzazu utzi ondorengo bostak, 2015era artekoak. Bereziki gogorrak eta beteak izan ziren urte haiek niretzat, baita lan zamaz astunak eta estuak ere. Gauza askotan sartuta nengoen, egoerak halaxe eskatu zidalako: Hemen aldizkaria sortu, zuzendari izan; erlijio jakinduriaren bildumako hainbat liburu koordinatu eta argitaratu; klaseak Iruñean, Gasteizen, eta, batez ere, Deustun; taldeak... Abisuak jaso nituen eta arazoak izan nituen gotzain batekin baino gehiagorekin... Banekien zer etor zitekeen eta gertatu zitzaidan hori irentsita neukan, nolabait, aurrez. Gaur, hori dena bedeinkatzen dut, benetan, argi eta itzal guztiekin. Onerako izan da.
Askoz atzerago joanda, nola oroitzen duzu erlijio gizon izateko bidea hartu zuen Joxe hura? Zer esango zenioke orain?
Ez da galdera erraza [barrez]. Arantzazun fraide izateko nire ideia lotuta daukat eszena zehatz batekin. Gure gurasoak, bereziki aita, oso Arantzazu zaleak ziren eta urtero eramaten gintuzten hara erromes. Hamalau senide ginen –bat hil zitzaigun– eta ni hamalautan laugarrena. Arantzazuko seminariora 10 urterekin joan nintzen, eta orduan denera zortzi-bederatzi senide izango ginen etxean [gazteenak jaiotzeko, artean]. Behin, aitarekin bakarrik joan nintzen Arantzazura peregrinazioan; 5 edo 6 urte izango nituen. Orain Arantzazu bera zein erromesaldiak behera etorrita daude, baina garai hartan jende asko elkartzen zen Arantzazun noiznahi, baita aita eta biok bakarrik joan ginen hartan ere. Arratsaldeko funtzioan, benedicta deitzen zitzaion horren amaieran, komentuko fraide guztiak eta Teologia ikasle guztiak –ehun bat izango ziren–, beren abituekin, elizara joandakoei agurra egitera joaten ziren. Berri-berria zen orduan eliza, eta han, ehunka fraide, bi ilaratan, elizaren atze-atzean jarrita; eta gu irteten, Agur, Jesusen ama kantatzen, haiek agurtzen. Momentu hark zirrara eragin zidan, hunkitu egin nintzen, eta aitak galdetu zidan: "Nahiko al huke, hauek bezala, fraide izan?". Eta "bai", esan nion. Horixe da nire bokazioaz dudan lehen oroitzapena. Harrezkero, Arantzazura joan behar nuela eta Arantzazura joan behar nuela, beti, 10 urterekin joan nintzen arte.
Samurtasun handiarekin, noski, uste dut esango niokeela orduko niari: "Kaixo, Joxe. Hemen gaituk, biok. Ni ezin nauk denboran atzera joan eta hi ezin haiz denboran aurrera etorri. Ez gaituk bi, bat gaituk, baina ez gaituk berdinak ere. Ongi etorria izan hadi, Joxe, Arantzazura. Gure Azpeitiko Oñatz bailarako Gerrantzuri baserri zahar eta maite hura utzi duk. Urradura hori ez duk bizitza guztian sendatuko, baina egon lasai, ez duk ezer gertatzen, dena ondo joango duk. Ez ezak pentsa munduak, Elizak, hire bokazioak eta erabakiek oraingo horretan jarraituko dutenik; gauzak asko aldatuko zaizkik. Ez ezak sinistu Nartxixak Azpeitiko parrokian erakutsi zian kredu hura dena, hura ere alda zitekek. Dena aldatuko duk. Ez ezak sinistu, sekula, bekatu nozio hori, erru nozio hori. Izan hadi zintzo heure buruarekin, heure barruko ahots horrekin. Nik izan nahi nikik hire barrueneko ahots isil hori; eta nahi nikik baita hi izatea niretzat beti, bizi naizen arte, nire barruko argia, hire begietan ikusten dudan argi xalo hori. Elkarrekin egingo diagu bidea, eta bide horretan tokatuko zaizkik egun eta bihurgune zailak; segi aurrera. Kontuz ibili hadi; hi txintxoa eta argia haiz, baina txintxotasunak arazo handiak emango dizkik. Kontuz hire perfekzionismoarekin. Kontuz, norbaitek zer esango dian, gaizki begiratuko ote dian beldur horrekin; izan hadi libre, izan hadi heu, izan gaitezen biok garen hau. Beitu, nobiziotegira joaten haizenean, Zarautzen, ez ezak irakurri liburu hau: El manual del perfecto novicio [...]".
Baina Joxe nobizioak irakurri zuen liburu hori, ezta?
Bai, irakurri nuen eta kalte handia egin zidan. Nire erru sentipenak eta... "[...] Ez ezak irakurri liburu hori. Eta irakurtzen baldin baduk, galdetu iezaidak, han izango nauk, hire kontseilari; galdetu iezaidak, hainbeste sufritu ez dezaan. Gero, segi hire bidea eta etorriko haiz berriro hona, Arantzazura. Zabaldu begiak, zabaldu bihotza, zabaldu mundura. Merezi dik, ez haiz damutuko, nahiz eta izango dituan gorabeherak, eta ez txikiak. Baina eutsi horri eta sinistu heure buruarengan, eta izan leial heure barruko ahots eta argitxo horri". Horrelako zerbait esango nioke Joxe hari.
Bekatuaren eta erruaren nozioan sekula ez sinesteko esango zenioke zure ni haurrari, baina nozio hori ez al dago oso lotuta Eliza Katolikoarekin?
Oso. 16 urte nituela irakurri nuen aipatu dudan liburua, eta eragin zidan larritasunaz norekin hitz egin... Ez nintzen horretara ausartu ere egiten. Sexuarekin zerikusia zuten ez bakarrik ekintzak, ez bakarrik desirak, pentsamendu hutsak ere, bekatu mortala ziren. Horregatik esango nioke nire orduko niari: "Bekatu mortala ez duk existitzen, infernua ez duk existitzen, horrelako jainkorik ez duk existitzen. Jainkoa duk hire barrueneko xalotasuna, askatasuna, eta lurrarekiko, izaki eta gizaki guztiekiko elkartasuna. Hori duk Jainkoa. Beraz, utzi liburu horiek guztiek erakutsiko diatena alde batera, libre eta zoriontsu izan ahal izateko".
Ia mende erdi Elizaren barruan egin ondoren, nola moldatu zinen bizitza 'zibilera'?
Irakasle lana tarteko, ohituta nengoen, nolabait. Azkenengo urteetan, bereziki, Arantzazun bizi nintzen berez, baina astearen erdia, gutxienez, Deustun egiten nuen, Bilboko frantziskotarrekin biziz. Orduan, neure erara bizi nintzen neurri handi batean, eta ohituta nengoen bakardadera. Beti izan dut bakardaderako joera; hori ez da ez ona eta ez txarra, bere itzalak eta argiak ditu. Arantzazu utzi nuenean, bakarrik bizitzen jarri nintzen, Arroabean, Arantzazuko frantziskotarrek erosten asko lagundu zidaten etxebizitza batean. Oso gogoan dut Arantzaztik atera nintzen egun hura, 2010eko irailaren 10a: arratsaldean, azken liburu kaxak kotxean hartu –gehienak han bertan utzi nituen, baina– eta Arroara joan nintzenean, hunkituta nindoan Arantzazutik, baina pozik. Urte hura, eta hasierako hilabete hura, bereziki onak izan ziren. Ez nuen lorik galdu, ezta Arantzazu utzi nuen egunean ere, eta loa erraz galtzekoa naiz. Oso bakean sentitu nintzen garai hartan, barrutik indartsu, eta lasai, oso lasai. Beraz, bakarrik bizitzen jartzea aldaketa handia izan zen, jauzi handia, baina ohituta ere banengoen eta, gainera, lagunarte bat ere banuen Zumaian. Urte haietan martxan jarria genuen Gune, espiritualtasuna bizitzeko eta lantzeko, erlijio desberdinen arteko elkarrizketa bultzatzeko erakunde bat. Horko jendearen aldetik oso onartua eta babestua sentitzen nintzen, eta hor ezagutu nuen ere gaur egun nire emaztea dena, Itziar; handik hiru bat urtera hasi genuen bikote harremana, eta bost urtera ezkondu ginen. Bestetik, elizgizon izateari utzi nion sasoian lanaren zurrunbiloan sartuta nengoen erabat.
Haustura handiegirik ez zenuen sentitu, beraz?
Egiten ari nintzenarekin jarraitu nuen, eta intentsitate handiarekin. Hainbeste gauza idazten eta egiten nuen... ez dakit nolatan eutsi nion. Gaur ez nuke egingo, noski, baina urte haietan bai, eta, beraz, ez nuen denbora handirik izaten beste gauza askorekin buruari bueltak emateko. Orduan, aldaketa ondo eraman nuela esango nuke.
Eliza utzi zenuen, baina Elizaz, fedeaz, kristautasunaren ertz askotarikoez hausnartzen eta idazten jarraitzen duzu. Zergatik?
Beti landu izan ditudan gaiak lantzen jarraitzen dut, erritmo pausatuagoan, noski. Gai horiek interesatzen zaizkit; iruditzen zait gizakiaren funtsezko dimentsioak ukitzen dituzten gaiak direla: barnetasuna esan, edo espiritualtasuna, edo biziera sakona; nahi duzuna esan, baina horrekin zerikusia duten gai horiek. Eliza, erlijioa, kristautasuna, dogma... horiek ere horrekin lotuta daude, baina askotan, horixe bera egiten dute: lotu, eta lotzaile eta zapaltzaile bihurtu. Horren kritika beti interesatu izan zait, erlijioek beren iturburuan edo jatorrian adierazi nahi izan duten eta hitzetan inoiz egoki adierazten ez den horretan sinesten jarraitzen dudalako. Eta jada zentzurik ez duten erlijio egitura tradizional horietatik askatu nahi nuke erlijio guztien jatorrian eta beren testu fundatzaileetan dagoen mezu sakon eta askatzaile hori, arnasa emaile hori. Hori izan da nire helburu nagusia eta horretan jarraitzen dut, nolabait, baita Elizaren kritika eginez ere.
Hain zuzen ere, Elizaren goi agintariekin, hierarkiarekin, oso kritikoa zara. Ez al daukazu desertuan predikatzen aritzearen irudipenik?
Lehen esan dut kristau sentitzen naizela, eta hala da. Baina egia da, baita ere, jende askok esan didala, hitzez eta idatziz, "zu ez zara ja kristau". Hori kristau askok esan didate, eta frantziskotar batzuek ere bai. Nazareteko Jesusi buruz erakusten eta idazten denbora asko eman dut, horretan inbertitu ditut nire indarrik onenak. Jesusen inguruan eraiki diren dogmak berrirakurri, berrinterpretatu egin behar dira, dogma horietan ebanjelioaren freskura eta aire ufada askatzailea berreskuratu. Sinestuta nago Jesusen zoriontasunek, izaerak, bere askatasunak, errebeldiak, justizia gose-egarriak, gaurkotasun handia dutela, denok anai-arreba garen konbentzimendu sakon horrek, eta hori erreibindikatu behar dela gaurko Eliza hierarkiko, piramidal, matxista, patriarkal eta garaiz kanpoko horren aurrean.
Gelditzen al da zerbait Elizaren barruan zuk diozun Jesusen mezu horretaz?
Hitzetan, aurkitu daiteke. Eta nik neuk ere ez diot uko egiten. Atzo bertan, mezetan izan nintzen; zortzi lagun ginen. Konbentzimenduz, eta barruak, nolabait, tira egiten didalako jarraitzen dut elizara joaten, nahiz eta ez dudan apaizaren funtzioan sinesten, eta Elizaren inguruan eraiki den muntaia horrek ez nauen inondik inora betetzen. Baina, azkenean, horrek eusten dio oraindik ere jende bati eta hor aurkitzen dut nik ere oihartzun bat, urruna edo hurbila, funtsezkora naramana.
Eta egia da, bai, basamortuan aritzearen sentipena daukadala, inorena ez den lurrean. "Jainkoari buruzko beste liburu bat atera dik, honek betikoarekin jarraitzen dik, ez zaiguk interesatzen", esango dute batzuek. Eta beste batzuek, justu kontrakoa: "Honek utzi dik, tradizioarekin hautsi dik, ahaztu dik erakutsi geniona, ikasi zuen onena bazterreratu dik eta modara bihurtu duk". Zentzu horretan, bakardade moduko bat sentitzen dut. Hala ere, baditut nigandik oso-oso hurbil sintonia handian sentitzen ditudan bidelagunak ere.
Zuk aldarrikatzen duzunaren antz gehiago lukeen Eliza irekiago batek, nolabait esateko, gaur egungo gizartean arrakasta gehiago izango lukeela iruditzen al zaizu?
Ez da arrakasta kontua. Niri ez dit inporta Elizak arrakastarik ez izateak. Baina kontua da Elizak, erakundeak, ez ote dion uko egin bere erantzukizun kultural, historiko, espiritual handi bati, eta hori da Jesusen arnasa berritzailea eta askatzailea ez transmititu izana gaurko egunean. 1952an jaio nintzen, eta nire bizitzan zehar izan diren aldaketa izugarri hauetan, Elizaren erakundea ez da izan arnasa horren transmisore eta lekuko. Iruditzen zait gizarte honek, mundu zabalak, mundu global honetan, inoiz baino gehiago behar duela benetan arnasa sakon, elkartzaile, hurkotasunezko, konpasiozko, egiatasunezko, justiziazko eta askatasunezko hori. Ebanjelioan, hori dago. Eta Elizak, den bezalako egitura zurrun, hierarkiko, dogmatiko, patriarkal horrek, ezin du halakorik transmititu. Penagarria da.
Orduan, aldatzea baino, eraistea eta berria sortzea beharko al luke Elizak?
Hori ez da hala izaten, baina niretzat, neure garaian ikusitakoaren arabera, Eliza Katolikoaren erru historiko nagusia izan zen 1960ko hamarkadan, Vatikanoko II. Kontzilio inguruan, ez jakin izana igartzen munduak bizi zuen eraldaketa kultural eta historiko sakona, eta ez asmatu izana aldaketa horrek eskatzen zuen Elizaren eraberritze sakon-sakon bat bideratzen. Garai hartan, Azpeitiko gizartea, baina Euskal Herrikoa eta Europa osokoa ere bai, Mendebalde osokoa, Elizaren inguruan bildua zegoen; Euskal Herrian, gainera, ETA sortu berria, hemengo gatazka politikoa bizi-bizi. 1967an idatzi zuen Rikardo Arregik "euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu", Jakin aldizkarian; esan nahi zuen kultura, gizarte edo politika monarkiko, dogmatiko, piramidal eta patriarkal horren jainkoa hil behar genuela. Hori egin izan balu Elizak orduan, klerikalismoa utzi eta dagoeneko eratuta zeuden elkarte biziak hauspotu... Beste historia bat izango zen. Jakina, ezin dugu atzera jo, baina horrek ematen dit pena. Vatikanoko II. Kontzilioa ez zen ausartu etena egiten; anbiguetate batean geratu zen eta, denborarekin, Joan Paulo II.aren garaian, kontrako bidea egin zuen Elizak. Hori traizio ikaragarria izan da, penagarria, eta horri buelta ematerik ez dago jada. Berandu da.
Zer etorkizun ikusten diozu Elizari erakunde gisa?
Eliz erakunde honenak egin du. Ikusten zen gertatuko zela. Lastima da ez igarri izana, erakunde gisa, eta neurriak hartu ez izana; hau da, barruan zeraman mezu askatzailea eta arnasa berritzailea ez ahoratu eta argitaratu izana. Hori da penagarria.
Eta erlijioei, oro har, zer etorkizun ikusten diezu?
Erlijioen garaia joan da, Mendebaldean gutxienez. Erlijioa ulertuta sineskizun, erritu eta arau moralen kode edo sistema gisa, joan da. Eta orain arte Mendebaldean gertatu izan dena, mundu globalizatu eta gero eta azeleratuago honetan, beste herrialdeetara ere iritsiko da. Prozesu atzeraezina iruditzen zait, nahiz eta orain badauden mugimendu fundamentalistak indartsu; ezin dut pentsatu irrazionaltasun eta fundamentalismo horrek, sineskizun horiek, zientziaren garai honetan iraungo duenik. Beraz, erlijioek, orain arteko molde tradizional horretan, ez dute etorkizunik, ezta Eliza Katolikoak ere. Elizak oraindik ez du erakutsi, benetan, molde berriak asmatzeko eta bultzatzeko ausardiarik eta kontzientziarik, eta iruditzen zait kontzientzia eta ausardia horiek izango lituzketen banaka batzuek ere ez dutela indarrik, inguruak oztopatzen dielako, edo nahikoa konbentzimendu edo indar ez dutelako.
Ez dira gutxi Jainko kristau-katolikoa baztertu baina beste espiritualtasun batzuk besarkatu dituztenak. 'Zerbait' horren beharra beti egongo al da hor?
Iruditzen zait bizi garela kultura post-erlijioso batean, baita gizarte post-sekular batean ere, Mendebaldean bederen; teismoaz edo jainkoarekiko betiko sinesmenaz eta ateismo soil positibista hutsaz harago, erlijioaz eta nihilismoaz edo positibismoaz harago. Egoera horretan, bai, jende askok bizi du bilaketa berri bat.
Dogma berriak besarkatzeko, agian?
Hori da arriskua. Betiko jaungoikoarengan sinesteari utzitakoan, hustasuna ez dugu maite. Orduan, lehengo sinesmen dagoeneko zentzugabeak ordezkatzeko, ari gara beste dogma batzuk sortzen. Hori lehengoa bezain arriskutsua da; eta, batzuetan, arriskutsuagoa. Horiei zuzendu nahi nintzaieke liburu berriarekin, baina ez da iritsiko jende askorengana.
Elizarenak ez ezik, sendoak ziruditen politika eta gizarte arau asko desegiten ari dira. Nola ikusten duzu etorkizun hurbila?
Kezka handiarekin. Aragoiko [Espainia] hauteskundeen emaitzek kezka handia sortzen didate [haien biharamunean egindako elkarrizketa da hau], Trumpek kezka handia sortzen dit, Putinek beste hainbeste, eta Xi Jinpingek ere bai. Munduaren jabe bihurtzen ari da Txina: kapitalismo krudelena, alde batetik, eta diktadura zorrotzena, bestetik. Biak bateratzen dituen sistema horrek nora eraman gaitzake? Nahiz eta erlijioaren izenean, haren perbertsio handiagoarekin, Trumpek beste horrenbeste dauka buruan, eta Putinek ere bai. Mundua erortzen ari da enperadore berrien, inoiz izan diren enperadore boteretsuenen mendean. Horiek gidatzen dute munduaren %90a. India, Brasil, Europa... hor daude, baina Europan ere Voxen eta antzeko eskuin muturreko mugimenduen mende eroriko ote garen... Horrek asko kezkatzen nau. Eta asko kezkatzen nau, era berean, Elon Muskek eta konpainiak gorpuzten duten tekno-diktatoreen kapitalismo finantzario, globalizatu, suntsitzaile honek. Benetako diktatoreak dira; teknologiaren eta zientziaren izenean, nahi duten bakarra da irabaztea, menderatzea eta ustiatzea. Horren guztiaren isla da adimen artifiziala; horrekin gertatzen ari denak ere asko kezkatzen nau: nora doan, noren onerako eta noren irabazirako. Horren aurrean, enperadore politiko, ekonomiko eta teknologiko horien aurrean, nola aurkitu bide bat? Nola askatu erraldoi horien uztarritik bide gizatiar, global, solidario eta ekologiko bat egiteko? Posible da, denok hala nahi izango bagenu eta horretarako bideak urratuko bagenitu.
Motzean
Gerrantzuri? Nire sustrai intregrala.
Oñatz? Umetako mundu txiki maitagarria.
Fedea? Sineskizunetatik eta erakunde guztietatik erreskatatu beharreko funtsezko begirada eta bizipena.
Erlijioak? Gizakiaren funtsezko bizipen horrek neurri batean ezinbesteko duen ideiak, baina oztopo, harresi eta uztarri gerta litezkeenak.
Eliza Katolikoa? Erlijioez esandakoaren ildo beretik, duela bi mila urteko gizaki ausart, libre, argitsu, on baten mezua boterearen mende lotu zuen eta bere loturen mende jarraitzen duen egitura.
Jainkoa? Hiztegiko hitzik nahasgarriena eta, aldi berean, iradokitzaileena.
Joxe Arregi, bere azken lana Azpeitian aurkeztu zuen egunean. (Andoni Elduaien)