Astelehenean zabalduko dute umeentzako igeriketa ikastaroetan izena emateko epea

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 6a

Azpeitiko estalitako igerilekua.

Ikasturteko hirugarren hiruhilekoko ikastaroak apirilaren 13tik ekainaren 19ra egingo dituzte. Datorren astelehenetik ostiralera izango da zabalik saioetarako izena emateko epea.

Astelehenean zabalduko dute ikasturteko hirugarren hiruhilekorako prestatu dituzten umeentzako igeriketa ikastaroetan izena emateko epea. Ikastaroak apirilaren 13tik ekainaren 19ra egingo dituzte, eta hain zuzen, datorren astelehenetik ostiralera izango da zabalik izen-ematea.

Udalak jakinarazi duenez, bigarren hiruhilekoko saioetan parte hartzen ari diren umeek lehentasuna izango dute. Dena den, 4 urtetik gorakoen kasuan, mailaren arabera, posible da taldea, eguna eta ordutegia aldatu behar izatea. Taldeak mailaren arabera egituratuko dituzte, eta inoiz ikastarorik egin ez dutenek maila zehazteko froga egin beharko dute martxoaren 13an. Plazak baino izen-emate gehiago izaten badira, zozketa egingo dute.

Gaur egun ikastaroan parte hartzen ari direnek igerilekuko harreran adierazi beharko dute saioetan jarraitu nahi duten ala ez; jarraitu nahi ez dutenek, berriz, baja orria bete beharko dute. Lehen aldiz izena eman nahi dutenek, ostera, igerilekuko harreran jaso beharko dute izen-emate orria, eta betetakoan, hantxe utzi. Halaber, bigarren hiruhilekoan itxaron zerrendan geratu zirenek ere berriro eman beharko dute izena.

Igeriketa ikastaroen eskaintzaren gaineko zalantzak dituztenek edo informazio gehiago behar dutenek igerilekuko harrerara joan edo 943-81 41 21 telefono zenbakira deitu dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide