Iaz bete ziren 60 urte Azpeitian Telefonicaren lantokia ireki zutela, baina urtebete geroago izanda ere, han lan egin zuten emakumeak omentzeko ekitaldia eta lagunarteko bazkaria egingo dute martxoaren 25ean, Azpeitian.
Asotegi Gipuzkoako Telefonica Elkarteak antolatu ditu omenaldi ospakizuneko ekitaldiak, Azpeitiko Telefonican jardundako hainbat langileren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. “Loli Bikendi Telefonicako langileak proposatu zion elkarteari 60. urtemugaren bueltan zerbait egitea. Ia urtebete atzeratu da ospakizunaren eguna, baina martxoaren 25ean Azpeitiko Telefonican lan egindako emakumeak omentzeko festa ospakizuna egingo dugu”, azaldu du Jose Juan Navarro Asotegi elkartearen presidenteak eta Azpeitian Telefonican lan egindakoak.
Donostiatik eta Espainiako beste hainbat tokitatik etorriko da jendea Azpeitian egingo duten ospakizunera. “Donostiatik autobus bat beteta etorriko da, baina Leondik, Kantabriatik eta beste hainbat tokitatik ere etorriko da jendea ospakizunera. 140 lagun inguru elkartuko gara bazkaltzeko”.
Kanpotik Azpeitira etortzen direnek Burdinbidearen Euskal Museoa eta Azpeitiko parrokia bisitatuko dituzte, eta segidan, taldeko argazkia aterako dute azpeitiarrekin batera Perez Arregi plazan, Telefonicaren lantokia zegoen tokian. Ondoren, 13:30 aldera, herriko plazan omenaldi ekitaldia eta lore eskaintza egingo dituzte. Behin ekitaldia bukatutakoan, bazkaria egingo dute Azoka Plazan, eta bazkalondoan musika izango dute dantzarako.
Emakumeen laneratzea
Telefonicak Azpeitian Perez Arregi plazan izan zuen lehen lantokian lokutorioa izan zuen, eta 1965ean ondoko eraikinean ireki zuten lokutorioa, beheko solairuan. Hurrengo urtean, berriz, bete-betean hasi ziren deien trafikoko langileak lanean, “automatizazioarekin batera pasatu ginen eraikin berrira lanera”. Hala kontatu dituzte orduko kontuak Telefonicako langileak izandako Navarrok, Kontxita Martijak, Narciso Beltranek, Mari Carmen Arozenak eta Loli Bikendik. “Ordurako, lurreko eta aireko sare dena muntatuta zegoen, baita zentrala eta lanerako ekipoak ere. Beheko solairuan emakumeek egiten zuten lan trafikoan, eta goiko solairuetan gizonek jarduten zuten konmutazioan eta transmisioan”.
2003an itxi zuen Telefonicak Azpeitiko lantokia, eta ordura arte lanean jardundako langile askok erretiroa hartu zuten.”Batzuk 53-54 urterekin hartu genuen aurrejubilazioa”, dio Bikendik.
Herriko emakume askoren lantokia izan zen Telefonica. Garai onenetan, 120 langiletik gora izatera iritsi zen Azpeitiko lantokia. Beren lanpostuak ez galtzeko borroka ere egin behar izan zuten Telefonicako emakumeek. “10-11 urtean konferentzien trafikoan egin genuen lana, behin dena automatizatu zutenean, Araban jarri nahi zuten zentro berria eta gu lanik gabe gelditzeko arriskuan geunden. Gure lanpostuei heltzeko borroka egin genuen, Zaragozara ere joan ginen kantatzera, agintariei presio pixka bat egiteko”, gogoratu du Bikendik. Ondorioz, 1976-77 urteetan datuen prozesua egiten hasi ziren Azpeitiko Telefonicako emakumeak: “Garai hartan, Espainia osoko Telefonicako fakturazioa egiten genuen Azpeitian. Konferentzien trafikoan lan egiten genuen bitartean, mekanografia ikasten ere jardun genuen Milagrosan eta Jesuitinetan”.
Lantokia itxi zutenetik, elkartzeko ohitura izan dute Telefonican lan egindako emakumeek. Hurrengo hitzordua hilaren 25ean izango dute.
Telefonicaren itxieraz erreportajea argitaratu zen Uztarria aldizkariaren 74. zenbakian, 2006ko ekainean.


