Joxe Takolo beka emango dute aurten ere Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak, Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiar zenaren oroimenez –2000. urtean hil zen–. Goi mendizaletasunarekin, abenturarekin, zientziarekin, esplorazioarekin eta dibulgazioarekin lotutako proiektuak bultzatzea da bekaren helburua, eta irabazleak 4.000 euro jasoko ditu.
Datorren asteazkenetik martxoaren 31ra bitartean izango dute herritarrek bekara proposamenak aurkezteko epea; martxoaren 10ean, asteartean, argitaratuko dituzte aurtengo bekaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hurrengo egunean irekiko dute eskaerak aurkezteko epea.
Beka nori eman erabakitzeko batzorde tekniko bat osatuko dute deialdia egin duten erakundeetako ordezkariek eta gaian adituak diren kideek. Besteak beste, proiektuaren originaltasuna (gehienez %29), zailtasuna (gehienez %29), parte hartzaileak –parekotasuna, euskaldun kopurua eta Euskal Mendi Federazioaren edota Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federazioaren lizentziak izatea– (gehienez %21), jardueraren eta baliabideen finantzaketa (%21 gehienez), aurrekontua (%7 gehienez), proiektuaren iraupena (%7 gehienez) eta proiektua gauzatuko den lekua (%7 gehienez) hartuko dituzte kontuan proiektuen balorazioa egiterakoan.
Iazko Joxe Takolo beka Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro donostiarrek irabazi zuten, Donostiatik Kirgistanera eskalada bide berriak irekitzeko proiektuarekin.