Urkomek Landaola sariak banatu ditu bederatzigarren urtez gaur, Mendaron (Gipuzkoa) egin duen ekitaldian. Urtero bezala, Gipuzkoako landa garapenerako sei agentziek osatzen duten Landaola federazioak landa garapeneko proiektuak aitortu ditu sarien bidez, eta Amaia Alberdi azpeitiarrak Luzaro Errezilgo Azokaren lekukoa hartuta martxan jarri duen proiektua ekimen pribatuaren zegokion saria jasotzeko izendatuta zegoen; ordea, azpeitiarra esku hutsik itzuli da etxera.
Hain zuzen, erakunde pribatuen atalean Oiartzungo Bizi Iraun elkarteak jaso du saria, eta erakunde publikoari zegokiona Itsaso herriak irabazi du, Sindikatoa dendagatik. Emakumeak Landa Eremuan saria, bestalde, Maitane Beristain lasturtarrak irabazi du, eta urteetako ibilbidearen saria eman diote Tolosako Aldaba Zahar elkarteari.