Kimuen eta infantilen gimnastika erritimikoko Gipuzkoako Txapelketa Azpeitira iritsiko da asteburuan

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 6a

Loretokiko infantilen taldea. (Loretoki)

Txapelketaren bigarren fasea jokatuko dute gimnastek udal kiroldegian. Zapatu arratsaldean izango da kimuen lehia eta igande goizean infantilena, eta Loretokiko kirolariak bi egunetan lehiatuko dira.

Kimu eta infantil mailetako gimnastika erritimikoko Gipuzkoako Txapelketaren bigarren fasea Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute bihar eta etzi. Asteburu honetako emaitzak eta lehen fasekoak batuta erabakiko da zein sailkatuko diren maiatzaren 9an jokatuko dituzten finaletarako.

Asteburu honetara itzulita, kimuak zapatu arratsaldean (15:00etatik 20:10 aldera arte) eta infantilak igande goizean (09:55etik 14:30era arte) lehiatuko dira. Gipuzkoa osoko gimnastak ariko dira udal kiroldegian, eta tartean, nola ez, etxekoak. Bihar, Loretoki klubeko kimuen taldeak 18:47an egingo du bere agerraldia txapelketan. Igandean, berriz, infantilen taldea 13:06an lehiatuko da; eta Maren Bikendi bakarkako lehian ere ariko da, uztaiarekin, 14:20an.

Benjaminak Eibarren

Asteburu honetan kimuen eta infantilen txanda izango da, eta joan den asteburuan, berriz, Lotetokiko benjaminena izan zen.

Azpeitiko hamabi gimnasta gaztetxok parte hartu zuten martxoaren 1ean Eibarren (Gipuzkoa) antolatutako erakustaldian.

Loretokiko benjaminak, Eibarko erakustaldian. (Loretoki)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide