Beltza izan da ISBko gizon-emakumeen taldeen asteburua. Nola Domusa Teknik ISBk, hala Biele ISBk, galdu egin dituzte beren partidak. Emakumeen Domusa Teknik ISBk 79-85 galdu zuten zapatuan Melilla Ciudad del Deporte La Salle taldearen aurka, Azkoitiko Elkargunean. Gizonen Biele ISBk, berriz, 85-68 galdu zuten CB Toledo Basket taldearen kantxan, atzo.
Sailkapeneko laugarrenaren aurka jokatu zuten Luis Agirrerenek zapatu eguerdian. Arerio zaila zen zinez otsoentzat, baina, nolanahi ere, garesti saldu zuten garaipena. Agirreren taldea indartsuago kantxaratu zen, eta hasierako uneetan sei puntuko abantaila ere hartu zuen. Ordea, Melillakoek (Espainia) erreakzionatu eta laugarren minutuan berdindu zuten partida. Dena den, ISBkoek 6-0eko partzial batekin erantzun zuten, eta hortik aurrera, markagailuan nahiko eroso agindu zuten, lehen laurdena amaitzeko bi minutu falta zirenean hamar puntuko aldearekin jarriz. Bisitariek, baina, lau puntu saskiratu zituzten lehen laurdena ixteko (26-20).
Bigarren zatia ondo hasi zen ISBrentzat, baina Melillakoen erantzuna ezin hobea izan zen, eta puntu batera gerturatu ziren. ISBk kolpea jo orduko ematen zuen berea Melillako taldeak. Markagailuan nagusi ziren Agirrerenak, baina bisitariek jokoa pausatu zuten hutsarte baten ondoren, eta atsedenaldira bost puntuko aldearekin jo zuten Domusa Teknik ISBk eta Melillako taldeak (40-35).
Aldageletatik bueltan partida parekatuta hasi zen, baina otsoek 6-0eko partziala lortu zuten berriro markagailuan ihes egiteko (49-42). Etxekoen lehen kolpe hari, baina, ezin izan zioten erantzun kanpokoek, eta bat-batean hamabi puntura urrundu zen ISB (56-44). Egoera horrek alarma guztiak piztu zituen bisitarien taldean, eta poliki-poliki esnatzen hasi ziren kanpokoak, ISBren kalterako. Susperraldi txiki haren eraginez, zortzi puntuko abantailarekin itxi zuten Agirrerenek laurdena (59-51).
Dena erabakitzeke zegoela hasi zen azken laurdena Elkargunean. Ordea, zuten guztia eman zuten Melillakoek lehia iraultzeko, eta amaierarako zazpi minuturen faltan ezbaian jarri zuten lehia. Bi puntura arrimatu zitzaion ISBri aurkaria (61-59), dena zabalik utziz. Amaierarako hiru minutu falta zirenean, berriz, 68-68na ziren berdinduta bi taldeak, eta azkenean, luzapena behartu zuten Melillakoek (72-72). Luzapenean, kanpokoak nagusi izan ziren kantxan, nahiz eta azken minutura arte ISBk ez zien aurkariei arnasa lasai hartzen utzi (77-82). Azkenean, 79-85eko emaitzarekin amaitu zen partida.
Ines Araujo izan zen ISBkoen artean onena; 16 puntu saskiratu, bost errebote pilatu eta sei asistentzia eman zituen joko antolatzaileak, guztira, 22 puntuko balorazioa eskuratzeko. Sailkapenean bederatzigarrenak dira Agirrerenak, bederatzi garaipenekin; play-off postuetan sartzeko borrokan jarraituko dute otsoek. Datorren asteburuan, Sernova Renovables Real Canoe azken aurreko sailkatuaren aurka jokatuko du Azkoiti-Azpeitiko taldeak; partida hori zapatuan 17:45ean jokatuko dute, Madrilen.
Lehorteak eragindako porrota
Biele ISBk, bestalde, atzo jokatu zuen Bigarren FEB mailako 20. jardunaldiko partida, Toledon (Espainia). Iñigo Nuñezenek lehorte batek eragindako porrota jasan zuten CB Toledo Basketen kantxan. Toledoko taldeak etxean duen indarra berretsi zuen. Toledokoek beren kantxan jokatutako 11 partidetatik bederatzi irabazi dituzte; urriaz geroztik ez dute haiek porrotik jaso. Kontrara, 2026a hasi zenetik etxetik kanpo ez du garaipenik eskuratu Biele ISBk.
Partidaren hasiera nahiko parekatua izan zen, bi taldeek saskiratzeak trukatu zituzten-eta aurreneko minutuetan. Kanpoko jaurtiketetan izandako punteria onari esker, Biele ISBk abantaila txikiak lortu zituen une batzuetan, baina Toledok ezin hobeto erantzun zuen taldeko jokalari onenek egindako ekarpenak bultzatuta. Lehen laurdena hiru puntuko errentarekin itxi zuten Toledokoek (24-21).
Bigarren laurdenean, otsoek markagailua irauli eta aurretik jartzea lortu zuten, Sagnaren gidaritzapean partzial ona lortu zuten eta Nuñezenek. Hala ere, Toledok garaiz erreakzionatu zuen; gehiago izan ziren puntuak sartzen, erreboteetan eta baloia banatzen. Etxekoek laurdena 14-0eko partzialarekin itxi zuten, atsedenaldira abantailarekin iritsi (43-36).
Hain justu, partidako une erabakigarria bigarren laurdenaren amaieran eta hirugarrenaren hasieran iritsi zen. Toledo Basketek 24-0eko partziala lortu zuen atsedenaldiaren aurreko eta osteko minutuetan; ISBkoek erasoaldian izan zuten itzalaldia aprobetxatu zuten haiek; izan ere, ia hamar minutuz egon ziren Nuñezenak saskiratzerik lortu gabe. Hiruko lerrotik fin aritu ziren Toledokoak, eta hala, nabarmendu handitu zuten bi taldeen arteko aldea. Une horretan bertan egin zion ihes aurkariak markagailuan, baita partida irabazteko otsoek zituzten aukera guztiek ere (69-51).
Azken laurdenean, etxeko taldeak ondo kudeatu zuen abantaila, inolako estutasunik gabe. Biele ISBk azken minutuetan egin zuen markagailuan hurbiltzeko saiakera, baina etxekoek nagusitasunez mantendu zuten jokoaren kontrola eta ez zuten iraulirik onartu. Amaieran, 85-68 galdu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Ahazteko moduko minutuek ebatzi zuten atzo partida Toledon.
Mohamed Niang izan zen ISBkoen artean onena, 13 puntu saskiratuta, zazpi errebote pilatuta, eta guztira, 12 puntuko balorazioa erdietsita. Porrotarekin koska bat egin du behera Nuñezen taldeak; orain, bosgarrenak dira sailkapenean. Datorren igandean, 18:00etan, Castillo de Gorraiz Valle Egues talde nafarraren aurka jokatuko dute otsoek, Azpeitiko kiroldegian.