Garaipena etxean eta berdinketa kanpoan

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 9a

Lagun Onaken eta Irauliren arteko partida atzo, igandea, Garmendipen. (Lagun Onak FT)

Ohorezko Erregional mailako emakumeen taldeak etxean jokatu eta garaipena eskuratu du Irauliren kontra. Espainiako Hirugarren mailako gizonen taldeak, berriz, berdinketa egin du Zarautzen aurka. Datorren asteburuan, bi talde nagusiek kanpoan jokatuko dute.

Lagun Onaken Ohorezko Erregional mailako taldeak garaipena lortu zuen atzo, igandea, Irauli Bostekoren kontra. 3 eta 0 emaitzarekin bukatu zuten atzo Garmendipen jokatutako neurketa. Espainiako Hirugarren mailako gizonen Lagun Onakek Zarautzen jokatu zuen larunbat arratsaldean, eta berdinketarekin itzuli zen etxera, 1 eta 1 eginda. 

Atzo Irauli Bostekoren kontrako norgehiagokan hasieratik gehiago izan zen Lagun Onak, Garmendipen. Lehen zatian gol aukera asko eduki zituzten etxeko futbolariek, baina ez zuten asmatu atean. Atsedenetik bueltan, bigarren zatian, dinamika berdinarekin jarraitu zuten Lagun Onakekoek, eta 51. minutuan Lorea Ruedak ipinitako korner baten ondorioz, Joane Kortak arean jarri  zuen baloia eta Sara Amanebarrek markagailua 1 eta 0 jarri zuen. Bigarren gola 60. minutuan sartu zuten, June Casinak erdiratu eta Malen Zabalak errematatu eta gola sartuta. Handik berehala, markagailua 3 eta 0 jarri zuten Lagun Onakekoek: 66. minutuan June Casinak sartu zuen gola area barruan egindako tiro bati esker. Aurkariek huts egindako penalti batekin bukatu zuten atzoko norgehiagoka. Hurrengo neurketa Ostadarren kontra jokatuko dute etxetik kanpo.

Gizonek berdinketa

Hirugarren Mailako gizonen Lagun Onakeko taldeak Zarautzen kontra Astiko futbol zelaian jokatu zuen larunbat arratsaldean, 15:45ean hasita. Bana eginda itzuli ziren Azpeitiko futbolariak etxera. Lagun Onakekoak partidaren hasieratik jokoan sartu ziren eta 15. minuturako markagailua beren alde jarri zuten, 0 eta 1. Gola Unax Uriak sartu zuen, Jon Sorazuren pase baten ondoren. 35 minutura arte Azpeitiko taldea izan zen nagusi, baina une horretan, Zarautzekoek urrats bat aurrera eginda hainbat saiakera egin zituzten Lagun Onakekoen atean.

Bigarren zatian, itxuraz baloia Lagun Onakekoa zen, baina Rotetaren mutilek zelaian gora egin eta gaizki defendatutako korner baten ondorioz gola sartu eta markagailua berdindu zuten. Hortik aurrera Lagun Onakekoek aukera bat baino gehiago izan zituzten, baina denak hutsean gelditu ziren. Hala, bi puntu garrantzitsu galdutako sentsazioarekin itzuli ziren Riberaren mutilak Azpeitira. Datorren asteburuan ere Azpeititik kanpo jokatuko du Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak Pasaiaren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide