'Turno de guardia' eta 'Billy el hamster cowboy' filmak eskainiko dituzte asteburuan Soreasun

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 11

'Turno de guardia' filmeko fotograma bat.

Igandean eta astelehenean izango dira datozen film emanaldiak Soreasu antzokian. Haurrei zuzendutakoa igande arratsaldean bakarrik eskainiko dute (16:30), eta helduei zuzendutakoa bi egunetan: igandean 19:30ean, eta astelehenean 21:00etan.

Bil filmekin osatu dute asteburuko zinema karteldegia Soreasu antzokian: Turno de guardia eta Billy el hamster cowboy. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, eta emanaldien aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere bai.

Igande arratsaldeko haurrei zuzendutako saioan (16:30) emango dute Billy el hamster cowboy animaziozko filma (Frantzia, 2023). Honela dio filmaren sinopsiak: "Billy Mendebalde Basatian hazi da, bere aitak kontatzen zizkion istorio liluragarriak entzunez. Lautadetan abentura bila ibiltzera ohituta dago Billy, Cowboy jantzia ere badauka, eta Mendebalde basatia esploratzeko gogo handia dauka. Jean-Claude bere lagun leialak eta Suzie hudoak lagunduta, bere ibilbideari ekiten dio Billyk. Baina, bizitza bera bezala, Mendebalde Basatia sorpresaz beterik dago, eta Billyk eta bere lagunek ustekabeko arazoei aurre egin beharko diete".

Igandean (19:30) eta astelehenean (21:00), berriz, Turno de guardia (Suitza, 2025) ikusteko aukera izango da Soreasun. Honela dio sinopsiak: "Floria Suitzako ospitale bateko kirurgia arloan dedikazio eta profesionaltasun handiz lan egiten duen erizaina da. Ez du inoiz akatsik egiten, beti entzuten die gaixoek esandakoei –baita estres egoeretan ere– eta larrialdietan ere beti dago lanerako prest. Baina ospitaleko eguneroko errealitatea gogorra eta aurreikusi ezina izan daiteke. Hala, egun batean, Floria gaueko txandan lan egitera joan da ospitalera, baina larrialdietako gela beteta dago, eta gaixoak artatzeko langileak falta dira. Erritmo frenetikoa gorabehera, Floriak lan asko egiten du gaixoak artatzeko, baina akats baten ondorioz, txandako lanak aurrera ez ateratzeko arriskua sortzen da. Erlojupeko lasterketa arriskutsu bat hasiko da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide