Gimnastika erritmikoko Gipuzkoako Txapelketaren finaletan lehiatuko dira Loretokiko infantilak

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 9a

Kiroldegia bor-borka egon da asteburuan, kimuen zein infantilen aipatu txapelketaren bigarren fasearekin. Azpeitiko kimuak, berriz, finalaren atarian gelditu dira.

Azpeitiko kiroldegia bor-borka egon da asteburuan, gimnastika erritmikoko kimu eta infantil mailetako Gipuzkoako Txapelketaren bigarren fasearekin. Zapatu arratsaldean kimuek eta igande goiz-eguerdian infantilek, dozenaka gimnastek bete zuten kiroldegiko kantxa, eta haien etxekoek, berriz, harmailak.

Maiatzaren 9an jokatuko diren finaletarako txartelak banatu dituzte asteburuan kiroldegian; lehen eta bigarren faseko emaitzen baturarekin erabaki dituzte finalistak. Zapatuan, finalaren atarian gelditu ziren Azpeitiko ordezkariak: hamahirugarren tokian sailkatu ziren, herenegungo lehian zein sailkapen orokorrean, eta lehen hamabi taldeentzako tokia zegoen finalerako. Infantiletan, aldiz, Loretokiko taldea seigarrena izan da –atzo zein bi faseak batuta– eta, horrenbestez, Gipuzkoako Txapelketaren finalean lehiatuko da. Baita Maren Bikendi ere: banakako finalean ariko da azpeitiarra, atzo zein bi faseen ondoren bosgarren tokian sailkatuta.

Datorren asteburuan Loretokiko kadeteak lehiatuko dira Gipuzkoako Txapelketan, Tolosan.

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta Loretoki)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide