San Jose egunarekin iritsiko dira festak Loiolara

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 14a

Hainbat lagun artisau azokako postu baten bueltan, iaz.

San Jose egunez izango dira Loiolako festetako ekitaldi gehienak. Besteak beste, puzgarriak, artisau azoka, herri kirol jaialdia nahiz trikitilarien emanaldia izango dira. Ostiralean, berriz, mus txapelketa egingo dute.

Loiolatarrek, eta auzo horretakoak ez direnek, festarako abagunea izango dute datorren astean. Izan ere, San Jose egunaren bueltan ospatuko dituzte festak urtero legez, eta aurtengorako ere prest du egitaraua Festa Batzordeak.

San Jose egunean, ostegunez, izango da jai egun garrantzitsuena Loiolan. Hain zuzen ere, goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute, eta besteak beste, puzgarriak, artisau azoka, herri kirol jaialdia nahiz trikitilarien emanaldia izango dira.

Goizean hasiko dira ekitaldiekin, eta eguerdira arte, umeentzako puzgarriak nahiz hainbat artisauren produktuekin osatutako azoka egingo dituzte. Orotara, artisauen 24 postu jarriko dituzte: Mimogoxo, Ametsen txokoa, Miara Design, Endredamakina, Kike-kikorro, Harrihari, Aldaxka, Oihele, Kohpao Studio, Marabina, Lamua, Belargi, Kiribil, Amuki, Maik bags, Belarri Tako, Kimura, Xooj, Xaue, Magnoli&, Brewery Land, La hormiga Maia, Aretxederra Cuero eta Kosta, itsas egurra.

Arratsaldean, berriz, 17:30etik aurrera, aizkoran eta harri jasotzen jardungo dute Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Mikel Larrañagak nahiz Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Xabier Aranburu Guzta-k Loiolako zabalgunean.

Hurrengo egunean, hilaren 20an, egingo dute jaietako azken ekitaldia: mus txapelketa. Karta jokorako aukera izango dute hala nahi dutenek, 22:00etatik aurrera, Kiruri jatetxean. Aurretik, baina, izena eman beharko da 943 81 56 08 telefonora deituta edo 21:00etan jatetxera bertaratuta. Bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko du parte hartzeko. Irabazleek 500 euro eta txapela irabaziko dituzte, bigarrenek 250 euro eta Keler oparia, hirugarrenek 60 euro eta bi lagunentzako bazkaria Kiruri jatetxean, eta laugarrenek bi ardo botila eta bi txuleta. 

Hona hemen aurtengo San Jose jaietako egitaraua:

Martxoaren 19a, osteguna, San Jose eguna

  • 11:00-14:00. Puzgarriak.
  • 11:00-14:00. Artisau azoka.
  • 17:30. Herri kirol erakustaldia.
  • Egunean zehar, trikitilarien emanaldia.

Martxoaren 20a, ostirala

  • 22:00. Mus txapelketa, Kiruri jatetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide