Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Elene Urbieta: "Nire helburua da pertsona bakoitzaren beharretan zentratzea, haren ongizatean ahalik eta gehien laguntzeko"

Erredakzioa 2026ko martxoaren 13a

Elene Urbieta.

Psikologia ikasi zuen Elene Urbietak (Azkoitia, 2000) Donostian, eta arlo horri buruz gehiago jakin nahi zuelako, Bartzelonan hiru urte eman ditu Neuropsikologia Klinikoko adituaren akreditazioa lortzeko formakuntza egiten; ospitale publikoan lan egin du, teoria praktikarekin uztartuz. Gizakiaren garunaren funtzionamendua ezagutzea eta beharra dutenei laguntzea da bere "benetako pasioa", eta formatzen urteak eman ondoren, bide horretan urrats garrantzitsua egitera ausartu da: Elene Urbieta osasun zentroa zabaldu berri du, Loiolako Inazio hiribideko 75. zenbakian, Azpeitian.

Nolatan ausartu zara urratsa egin eta osasun zentroa zabaltzera?

Beti izan dut buruan ideia edo amets hori, baina Bartzelonara ikastera joan nintzenean are argiago ikusi nuen horixe zela benetan nahi nuena. Han osasun zentroen eskaintza zabala zutela eta profesionalen arteko lankidetza handia zela ikusi nuen, eta ohartu nintzen gure inguruan oraindik ere zerbitzu horien beharra badagoela.

Egia da azken urteetan buru osasunari eta ongizateari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola, eta hori oso albiste ona da. Hala ere, nire arloari dagokionez, neuropsikologo kliniko moduan, hutsune handia sumatzen nuen, batez ere neurogarapeneko nahasteen eta gaixotasun neurodegeneratiboen ebaluazioan eta esku hartzean. Horrek bultzatu ninduen pausoa ematera: nire ezagutza eta esperientzia herrira ekarri eta hemen ere kalitatezko zerbitzu espezializatu bat eskaintzera.

Zer eskaintzen du zentroak?

Momentu honetan hiru profesionalek osatzen dugu taldea, Ioana Pickfordek, Andrea Aldalurrek eta nik, eta hiru arlo nagusi lantzen ditugu: neuropsikologia klinikoa, osasun psikologia orokorra eta nutrizioa. Hiru diziplina horien arteko lankidetza oso aberasgarria da, pertsonaren ongizatea modu integralago batean lantzeko aukera ematen duelako. Gainera, inguruko hiru profesional gazte gara, ilusio eta konpromiso handiarekin lanean ari garenak, gure ezagutza eta esperientzia pertsonen eguneroko bizitzan benetan lagungarri izan daitezen.

Zergatik da hain garrantzitsua neuropsikologiaren arloa lantzea? Inguruotan asko ezagutzen ez den osasunaren adarra da hori…

Psikologia ikasten hasi eta berehala erakarri ninduen adar honek, beti gustatu izan baitzaizkit anatomia eta biologia. Neuropsikologiak garunaren funtzionamenduaren eta jokabidearen arteko harremana aztertzen du: hau da, garunean izaten diren aldaketek nola eragiten duten pertsonen gaitasun kognitiboetan, emozioetan eta jokabidean.

Gure lanaren oinarrietako bat ebaluazio neuropsikologikoa da. Ebaluazio horren bitartez memoria, arreta, hizkuntza edo funtzio exekutiboak bezalako gaitasun kognitiboak aztertzen ditugu, proba estandarizatu eta balidatuen bidez, baina baita elkarrizketa klinikoaren eta behaketa profesionalaren bidez ere. Horrela, pertsona baten funtzionamendu kognitiboa modu integralean balora daiteke. Haurren kasuan, adibidez, zailtasunak goiz identifikatzeko balio du –arreta gabezia, dislexia eta diskalkulia bezalako ikasketa zailtasunak, autismoaren espektro nahasmendua edota neurogarapeneko bestelako nahasmenduak–. Helduetan edo adinekoetan, berriz, ebaluazioak laguntzen digu kalteak jasan dituen garun batek sortutako ondorioak definitzen edota adinarekin lotutako aldaketa normalak narriadura kognitibo baten lehen seinaleetatik bereizten.

Herritarraren egoera zein den identifikatzean, zein izaten dira hurrengo pausoak?

Ebaluazio hori eginda, pertsona bakoitzaren beharrak zehaztu ditzakegu, eta horren arabera laguntza edo esku hartze egokiena planteatu. Haurren eta gazteen kasuan, esaterako, arreta, ikasketa prozesuak, gaitasun sozialak eta autoerregulazio estrategiak indartzera bideratutako esku hartzeak egiten ditugu, eguneroko funtzionamendua eta ikaskuntza errazteko.

Bestalde, garuneko kalteren bat izan duten pertsonei –hala nola iktus baten, garun tumore baten edo traumatismo kraneoentzefaliko baten ondoren–, galdutako gaitasunak berreskuratzen edo hobetzen laguntzen diegu errehabilitazio kognitiboaren bidez. Bestalde, gure lan eremu garrantzitsuetako bat hirugarren adinakoena da. Gaixotasun neurodegeneratiboetan narriadura kognitiboa agertzen denean –adibidez, alzheimerra, parkinsona edo beste dementzia mota batzuk–, estimulazio kognitiboaren bidez gaitasunak ahalik eta gehien mantentzen laguntzen dugu.

Gugana jo duen pertsonaren adina edo egoera dena delakoa izanda ere, gure helburua da herritar bakoitzaren beharretan zentratzea, hura entzutea, ulertzea, eta pertsona bakoitzari ondoen egokitzen zaion esku hartzea egitea, haren ongizatean ahalik eta gehien laguntzeko.

Ametsa egia bilakatzeko, ezinbestekoa izango zenuen ingurukoen laguntza; tartean, Iraurgi Berritzen garapen agentziarena. Zergatik jo zenuen hara?

Aspaldiko ideia hori buruan gero eta gehiago bueltaka hasi zitzaidanean jo nuen Iraurgi Berritzen agentziara. Hasierako fase horretan laguntza handia eman zidaten: merkatuaren lehen azterketa egiten, ekintzaileentzako laguntzen berri ematen eta sortzen zitzaizkidan zalantza praktiko askori erantzuten. Egia esan, prozesua askoz ere argiagoa egin zitzaidan haien orientazioari esker.

Zer ikasi duzu prozesu horretatik?

Denetarik ikasi dut. Niretzat nahiko arrotzak ziren gai askoren inguruan informatu behar izan dut: alderdi fiskalak, ekonomikoak, administratiboak… Baina batez ere ikasi dudana da ekiteko bidean gorabeherak izatea normala dela. Nahiz eta beti pertsona konstantea izan naizen, prozesu honek irakatsi dit benetan nahi duzunarekin konektatuta egotea dela garrantzitsuena, zalantzak agertzen direnean ere aurrera jarraitzeko. Eta, horretarako, ezinbestekoa izan da ingurukoen babesa. Nik momenturen batean zalantzak nituenean, beraiek izan dira animatu eta aurrera egitera bultzatu nautenak.

Zer beldur edo oztopori egin behar izan diozu aurre?

Agian, ezjakintasun sentipena kudeatzen asmatzea egin zait zailena. Ez dakizu jendeak zugan konfiantza izango duen, proiektuak babesa jasoko duen edo benetan mereziko duen. Eta, noski, porrotaren beldurra ere hor dago. Perfekzionista puntu bat badut, eta gauzak ondo ateratzea gustatzen zait. Baina, aldi berean, uste dut ausarta ere banaizela, eta saiatu naiz beldurrak ez nazan geldiarazi.

Orain gutxi egin duzu zentroaren inaugurazioa, eta martxoarekin batera, lanean hasi berri zara. Zer moduz lehen egunak?

Momentuz, oso gustura gaude. Arlo honetan lan egiten duen jende askorekin hitz egiteko aukera izan dut, eta denek eskuzabalik hartu naute, denontzat tokia dagoela esanez. Horrek pixka bat aldatu dit ikuspegia; ‘konpetentzia’ baino gehiago, koordinazioa eta elkarlana nabari ditut sektorean. Pixkanaka ari gara jendearengana iristen, eta pozgarria da ikustea herriko jendea gugan konfiantza izaten hasi dela.

"Arlo honetan lan egiten duen jende askorekin hitz egiteko aukera izan dut, eta denek eskuzabalik hartu naute, denontzat tokia dagoela esanez. Horrek pixka bat aldatu dit ikuspegia; ‘konpetentzia’ baino gehiago, koordinazioa eta elkarlana nabari ditut sektorean"

 

Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen onurak eta desabantailak?

Onura nagusietako bat da zure lan egiteko modua zuk definitzen duzula: denboraren antolaketa, lanaren filosofia edo erabiltzaileekin lan egiteko modua. Baina, bestalde, zerbait zeurea izateak ardura handia ere badakar, eta askotan ez da erraza guztiz deskonektatzea. Beti dago zerbait hobetzeko edo garatzeko gogoa. Hala ere, uste dut ikasiko dudala pixkanaka oreka hori aurkitzen.

Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan pertsonari?

Nire ustez, garrantzitsuena da saiatu ez izanaren penarekin ez gelditzea. Bizitza luzea da, eta bide bat ez bada ondo ateratzen, beti egongo dira beste aukera batzuk. Baina, aldi berean, bizitza laburregia da benetan barrutik sentitzen duzun ideia hori probatu gabe uzteko. Eta beste aholku bat: beldurrak eta zalantzak partekatzea. Jende asko laguntzeko prest egoten da, eta galdetuz eta ateak joz iristen da askotan urrutien.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak? Zer gustatuko litzaizuke zentroa izatea?

Etorkizunera begira, gustatuko litzaidake zentroa pixkanaka osasun zentro integralagoa bihurtzea, gure lan egiteko moduarekin bat egiten duten beste profesional batzuk ere taldera batuz. Helburua da herritarrek kalitatezko zerbitzu profesional eta gertukoak hemen bertan izatea, beren osasunaren zaintzarako baliabideak eskuratzera urrutira joan behar izan gabe.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide