Joan den larunbatean Ehunmilak Bira etapaz etapako egitasmoaren bigarren etapa osatu zuen Lagun Onak mendi bazkunak. Ibilbide osoan zehar euria eta lokatza izan baziren ere, 73 mendizalek parte hartu zuten Tolosa eta Larraitz arteko etapan. 23 kilometroko ibilbidea eta mila metroko desnibel positiboa gainditu zituzten mendizaleek.
Ehunmilak Bira Azpeitian hasi eta bukatuko dute, zazpi etapatan 171 kilometro luzerako bidea eginez. Aurreneko bi etapak jada eginda, hirugarrena apirilaren 25ean (larunbata) egingo dute mendizaleek. Hirugarren irteeran Larraitz eta Lizarrusti lotuko dituzte, 16 kilometroko bidea osatuz eta Txindokiko nahiz Ganboako gailurrak eginez.
Hona hemen Ehunmilak Bira egitasmoko hurrengo etapen egutegia:
- Apirilak 25. Larraitz-Lizarrusti. 16 kilometro. Gailurrak: Txindoki eta Ganboa.
- Maiatzak 23. Lizarrusti-Otzaurte. 20 kilometro. Gailurra: Intsusburu.
- Ekainak 20. Otzaurte-Beasain. 36 kilometro. Gailurrak: Aizkorri eta Aketegi.
- Irailak 19. Beasain-Elosua. 30 kilometro. Gailurra: Izazpi.
- Urriak 24. Elosua-Azpeitia. 25 kilometro. Gailurrak: Irukurutzeta eta Xoxote.