Martxoaren 19tik 29ra bitartean izango da 24. Korrika. Atharratzen (Zuberoa) hasi eta Bilbon bukatuko da AEKren euskararen aldeko ekimena, eta Azpeitira martxoaren 28an, larunbatean, iritsiko da.
Errezildik iritsiko da Azpeitira; hain zuzen, Domusa Teknik lantegiaren parean 15:45ean izango da Korrika. Herria igarota, Zestoara abiatuko da, eta handik bueltan berriro etorriko da Korrika Azpeitira; 17:50ean igaroko Larrar Berri baserriko bidegurutzearen paretik. Gero, Azkoitia aldera joango da euskararen aldeko egitasmoa.
Azpeitira 24. Korrika iritsi bezperan, hilaren 27an, goizez egingo dute Korrika Txikia herriko ikastetxeetako ikasleek. Halaber, martxoaren 28rako, euskararen aldeko egitasmoari harrera bikaina egiteko, Korrika Eguna antolatu dute. Egun guztirako egitaraua prestatu dute egun horretarako, eta beraz, hainbat eragilek sustatuta, askotariko ekitaldiak izango dira haurrentzat, helduentzat eta gazteentzat.
Hona hemen Korrika Azpeititik igaroko den egunerako prestatu duten egitaraua:
- 11:00-12:30. Orientazio proba haurrentzat eta gaztetxoentzat. Halaber, margoketa txokoa txikienentzat, plazan.
- 12:00-13:00. Domusa Teknik 40 MLK lasterketa prestatzeko bigarren entrenamendu saioko partaideen iritsiera, plazan.
- 13:00-14:30. Bertso poteoa, plazan hasita. Bertsolariak: Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oier Etxeberria. Trikitilariak: Eneko Arbeo eta Julen Badiola.
- 15:45. Korrika iritsiko da Errezildik herrigunera.
- 17:50. Korrika berriz iritsiko da Zestoatik herrigunera.
- 18:30-21:30. Erromeria Sanagustinen, Trikigiroren eskutik. Trikitilariak: Lurdes Alkorta eta Lidia Irigoien nahiz Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus.
- 22:30. Azax taldearen kontzertua, Sanagustinen.
Batzarra bihar
Korrika Eguna antolatzeko hainbat norbanako eta herriko eragileetako ordezkari biltzen ari dira astero. Aste honetako bilera bihar, asteazkena, egingo dute, 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Korrikaren antolaketan edota Korrika Egunean parte hartu nahi dutenak bilerara deitu dituzte antolatzaileek.
Bestalde, Korrikan lekukoa eramateko eskaera eginda duten eragileen artean petoak martxoaren 18an, asteazkenean, 18:30ean banatuko dituzte Dinamoko lehen solairuan, Hitzaren eremuan. Petoak banatu ondoren, Korrika Batzordearen bilera izango da.
Martxoaren 29an izango den 24. Korrikaren bukaera ekitaldira Bilbora joan eta handik etortzeko autobusa antolatuko dute. Autobuserako izen ematearen berri aurrerago emango dutela jakinarazi dute antolatzaileek.