Erdibidean geratutako maitasunen inguruko eleberria idatzi du Joxean Agirrek

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 10a

Joxean Agirre idazlea 'Mio marito deitzen zion' eleberria eskuetan duela. (Elkar)

Mio marito deitzen zion eleberria argitaratu du idazle azpeitiarrak, Elkar argitaletxearen eskutik. Hiru maitasun istorio jaso ditu lanean Zarauzko bizilagunak, eta Agirrek azaldu duenez, bere pasarte biografikoak jaso ditu "kamuflatuta".

"Gerta zitekeena eta inoiz gertatu ez zena gogoratzen dugu ondoen". Andre Aciman idazleak Homo irrealis liburuan jasotako esaldia izan da Joxean Agirreren Mio marito deitzen zion eleberriaren abiapuntua eta ardatza. Gainera, liburuaren hasieran nabarmendu nahi izan du aipua. "Adin batetik aurrera hori gertatzen zitzaigula pentsatzen hasi nintzen. Hori maitasunaren eremura ekarrita, ez garela bueltaka ibiltzen gure bizitza bideratu dutenekin. Denbora gehiago pasatzen dugula periferikoak diren edo bidean geratu diren maitasun istorioekin. Ez dakit egia den, baina inpresio hori neukan", azaldu du gaur goizean idazle azpeitiarrak Donostiako Elkar dendan eginiko liburuaren aurkezpen saioan.

Agirrezabal da eleberriko pertsonaia nagusia: idazle zahar ospetsua, baina jada txotxatzen hasia. Hiru maitasun istorio biziko ditu hark, eta kontakizun horiek idazterakoan bizipenetatik jo du Agirrek: "Asko erabili ditut nire bizitzako datuak edo pasarte biografikoak, kontakizunari testuingurua edo dentsitatea emateko".

Maitasun istorioetako bat arte galerista batekin izandakoa da. "Egin egunkariaren garaikoa da, eta Euskadiko Ezkerra alderdia aipatzen dut. Gustatzen zitzaidan narrazio hori testuinguru horretan kokatzea", azaldu du Zarauzko bizilagunak. Bailaora bat da beste maitalea, eta, zentzu horretan, bertsolarien eta flamenko dantzarien arteko antzekotasunez mintzo da; izan ere, biek ala biek "ekilibrista lana" egiten dute. Pertsonaia, bere erregresio momentu gorenean, zaharren egoitza batean sartuko dute, eta han, emakume italiar batek "mio marito" deituko dio; "nire senarra", alegia. "Agirrezabal engainatu egingo du, eta bukatuko du guztiz maiteminduta italiarrarekin. Egia esan, bukaera oso tristea du. Azken finean, zahartzaroa beti da tristea, eta burua galduta are gehiago".

Narratzaile bekaduna

Protagonistaz aparte, narratzailea dago: Berria egunkariko kazetari bekadun hasiberria. "Oso koldarra da, baina ordenagailu aurrean oso ausarta bihurtzen da", azaldu du Agirrek. Martxelo Otamendi egunkariko zuzendari den garaian kokatzen du, eta Otamendik begiko du narratzailea. Bekadun horrek maitasun istorio bat du egun, baina tarteka gogoratzen du ikasle pisuan ezagutu zuen neska eta erdizka utzi zuten harremana. "Gainera, susmatzen du zahartzen denean Agirrezabal bezala bukatuko duela", gaineratu du.

Agirrezabalen osasun egoera kontuan izanda, hari elkarrizketa egiteko aukerarik ez daukala ikusita, idazle zaharraren emaztearekin hitz egingo du eta elkarrizketa faltsu bat idatziko du bekadunak. "Martxelo enteratuko ote den guztiz ikaratura dago mutila. Baina inortxo ohartu gabe pasatzen da, eta denak pozik geratzen dira, baita Agirrezabal bera ere".

Orduan, editoreak esango dio idazle helduaren biografia moduko bat egin behar duela. Zati horretan John Maxwell Coetzee idazle hegoafrikarraren itzala agertzen dela adierazi du Agirrek: "Agirrezabalen lekukotasunak egiten ditu teknikoki edo formalki Coetzeek erabili zituen kontaketak eginez. Hiru maitasun istorio dira, liburuaren laurdena, haren itzalean egindakoak". Agirrek esan duenez, "Coetzeerena autobiografia faltsutua" zen, eta liburuan beraren bizitza errealeko gauzak badaude, baina "kamuflatuta" eta "mozorrotuta".

Hark aditzera eman du eleberria idatzera animatu dela gaia "berria" zelako berarentzat: "Nobela pila bat irakurri dut, eta ez nuen ikusten erdibidean galdutako maitasunen kontaketarik. Zerbait diferentea behar nuen idazteko, eta horri heldu nion". Hala ere, ez dira falta berezi eta berezko egiten duten "betiko markak", Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek esan bezala. Ironia, sedukzio jolasak, joko literarioak eta esaldi dotoreak bezain bihurriak presente daude Mio marito deitzen zion eleberrian, eta "irakurketaren plazera da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide