Iritzia

Eta dantzan jarraitzen dugu

Oihana Elduaien Uranga 2026ko martxoaren 10a

Zaharrak Berri eta Txemaizterrak taldeetako kideak Korrale tabernako saioan, otsailaren 6an. (Erniarraitz)

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren Urola Eediko fasean, Zaharrak Berri taldearekin gai jartzaile lanetan ari da Oihana Elduaien Uranga kazetaria. Hark idatzitako iritzi artikulua da honako hau. 

Poxpolu batek pizten
badu lehen ditxa
gero bota sastraka
eta zumitza
tximinitikan gora
doa bere gisa
Baina neretzat sua
dugu bertsogintza
bertsoa balitza
su baten baldintza
pizt dezagun hitza
alaituz bizitza
hemen su horren bueltan
dantzan gabiltza

2009ko abenduaren 13an abestu zuen bertso hori Amets Arzallusek, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, Maialen Lujanbiorekin buruz burukoa abesten ari zela, sua hitza gai emanda.

Sua sobera dago munduan oraintxe, eta dantza gutxitxo. Erabat aztoratuta darabilkigute mundua, erabat nahierara. Su bat Palestinan, beste bat Venezuelan, Iranen, Libanon…

Suak eta suak daude, ordea. Badaude harrapatutako dena erretzen eta errauts bihurtzen duten suak, baina baita berotasuna eta argitasuna dakartenak ere. Eta Arzallusek esan bezala, horixe da bertsogintza. Sua. Euskarazko hitza oinarri duen gozaleku bat. Eta horixe izan da Herriartekoa ere, inguruko guztiak dantzan jarri dituen lagunarteko txapelketa.

Herriartekoa da lagun zaharrekin elkartu, ezagun zaharrak lagun egin, eta ezezagun zirenengana hurbiltzea. Herriartekoa da, plazara lehen aldiz bertsotara irteten duen gaztea; herriartekoa da gai txarra jarri izana ez dizula barkatuko esatea, besarkada ematearekin batera; herriartekoa da saio bat epaitzen tratua pasatu ostean, gorputzaldi txarrarekin dagoen kidea goxatzea; herriartekoa da entrenamentuaren aitzakian egindako afaria; herriartekoa da batzuk horrela ibiltzeko etxeko zaintzen eta zamen kargu egiten den sarea; herriartekoa da megafonia muntatzen ikastea; herriartekoa da saio osteko elkarrizketa sakon eta kanta zoroen nahasketa; herriartekoa da su hartzen duen whatsapp taldea; herriartekoa da elkarrekin sufritzea eta elkarrekin gozatzea. Herriartekoa da bertsoaren suaren inguruko dantza.

Harro dabilen faxismoak, eta indibidualismo erabatekoan gotortu nahi gaituen kapitalismoak erabat atzeraka daramaten mundu honetan, pentsamolde bakarraren kontrako botiketako bat da bertsolaritza, elkartzeko beste hainbat moduren artean. Zeri kantatu nahi dion pentsatzen ari den komunitate bat; zer horiei neurrian, koherentziaz eta kantuz diskurtso bat eraikiko dion talde bat. Ideiak zalantzan eta dantzan jartzen dituen arte bat. Pentsamendu kritikoaren sorlekuetako bat.

Bada kolektibotasun bat ere. Interes indibidualak albo batera utzi, eta ezer materialik irabaziko ez duen arren, lanari gogoz lotuko zaion jende multzo bat. Mundu zeken honetan ere gelditzen baitira, goxotasuna, zaintza eta taldetasuna eskaintzen dituzten lekuak.

Urola Erdiko adarreko txapelketak Erniarraitzen izan du muina. Erabat militantzian oinarritzen den elkartea. Bertsozale jendea inguratu dute akelarrera. Behetik gora eta goitik behera beraiek pentsatu, antolatu eta aurrera atera dute kanporaketa fasea, eta ostiralean izango da eskualdeko azken dantza Charles Chaplin tabernan Zaharrak Berrik eta Txemaizterrek elkarren alde eta kontra jokatuko duten finalean.

BEC ez da Charles Chaplin, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak ez dauka zerikusirik Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarekin. Baina biek dute su bera. Biek dute berotzen duen sugar bera. Bietan pentsatzen da sututako mundu honetan zeri eta nondik kantatu nahi zaion. Bietan dago antolaketa ariketa kolektibo bat. Bietan dago herri bat pentsatzen, jolasten. Eri duen hizkuntza baten inguruan gozatzen.

Garai ilunotan, euskarak horrelako gozalekuak behar ditu. Euskaldunok ere bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide