1984ko martxoaren 22an Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistako kide ziren Dioni Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Delas Txapas iruindarrak. Ordutik, hildakoen gurasoek eta senideek Pasaiako segadan gertatutakoak argitzeko nahiz justizia eta aitortza aldarrikatu dituzte. Aurten ere, sarraskiaren urtemuga gogoan ekitaldiak antolatu dituzte, Egiari Zor fundazioarekin elkarlanean.
Datorren larunbaterako, martxoaren 14rako, Egiari Zor fundazioak Pasaiako sarraskiaren 42. urtemuga gogoan, Aitortza ofizialetik justiziarako bidea izenburu hartuta mahai ingurua antolatu du, 12:00etan, Basazabal jauregian. Solasaldiaren aurkezpena eta moderazioa Bertha Gaztelumendi kazetaria, Argituz elkarteko kidea eta EHUn Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedran ikertzailea denak egingo ditu. Mahai inguruko solaskideak, berriz, honako biak izango dira: Jon Mirena Landa EHUn Zigor Zuzenbidean katedraduna eta Giza Eskubide eta Botere Publikoen Unesko katedraren zuzendaria eta Iratxe Urizar GEBehatokiako kidea, Zuzenbidean lizentziatua eta nazioarteko legedian aditua.
Pasaiako sarraskia argitu! ekitaldia, berriz, martxoaren 22rako antolatu dute Pasaiako sarraskian hildakoen senideek Azpeitiko Azoka Plazan, 12:30ean.