Hasiera batean aurreikusitakoa baino eragozpen gehiago sortuko dituzte Ezkuztako zubiko lanek asteburuan. Izan ere, larunbateko 06:00etan hasi eta igandeko 22:00etara bitartean, ibilgailu pribatuentzat erabat itxita egongo dira Ezkuztako zubia eta Madalenako sarbidea. Ondorioz, Azpeititik Zestoarako joan-etorrietan eragin nabarmena izango dute lanek, ibilgailuek ezingo baitute ohiko errepidetik pasa ordu tarte horretan.
Larunbatean, 06:00etatik 14:00etara, Ezkuztako zubia eta Madalenako bidea, biak itxita egongo dira ibilgailu guztientzat, baita autobusentzat eta taxientzat ere. Larrialdi zerbitzuek soilik izango dute horietatik pasatzeko aukera.
Larunbateko 14:00etatik igandeko 22:00etara ere zubia itxita egongo da, baina garraio publikoak –autobusak eta taxiak– nahiz larrialdiren bat dutenek Madalenako errepidetik barrena izango dute GI-631 errepidera sartzeko aukera.
Igandean 22:00etatik aurrera, berriz, Ezkuztako zubia irekita egongo da, eta orain bezala semaforoekin txandaka bideratuko dute trafikoa. Horrez gain, ibilgailu guztiek izango dute Madalenatik barrena GI-631 errepidera sartzeko aukera.
Hori horrela, asteburuan semaforoak jarriko dituzte Madalena auzoko trafikoa kontrolatzeko; era berean, errepidea estua denez eta autobusek pasatzeko aukera izan dezaten, ezingo da aparkatu Madalenako errepide bazterreko aparkalekuetan. Azpeitirako sarreretan ere obren berri ematen duten kartelak jarriko dituzte.
Itxita egongo diren errepide zatiak saihesteko baserri bideak ere badauden arren, horietatik ez joateko gomendioa luzatu du Azpeitiko Udalak, bide horiek trafiko handiarentzat prestatu gabe daudelako. Ondorioz, Zestoa aldera Elgoibartik joateko eskatu die herritarrei.