Haurrentzat eta nerabeentzat aisialdiko ekintzak antolatu dituzte Aste Santurako

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 12a

Hainbat haur jolasean. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak Aste Santuko ekintzak antolatu ditu herrian nahiz Urrestillan HH5etik LH6ra bitarteko haurrentzat eta Gaztelekuko erabiltzaile gazteentzat. Ekintzetan izena emateko epea martxoaren 21era bitartekoa izango da.

Aurten ere haurrentzako nahiz nerabeentzako aisialdiko ekintzak antolatu ditu Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak Aste Santurako. Ekintzak herrigunean eta Urrestillan egingo dituzte.

HH5etik LH6ra arteko haurrentzako udal ludoteketako ekintzak martxoaren 30ean, 31n eta apirilaren 1ean egingo dituzte. Astelehenean eta asteazkenean –martxoaren 30ean eta apirilaren 1ean–, goiz ekintzak egingo dituzte, eta martxoaren 31n (asteartean), berriz, egunpasa: HH5etik LH2ra arteko haurrak Basondora joango dira eguna pasatzera, eta LH3tik LH6ra artekoak, Garaionera. Ekintzen kostua hamabost eurokoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek martxoaren 21era arte eman ahal izango dute izena, honako lotura honetan.

DBH1etik Batxilergoko 2. mailara arteko nerabeentzako udal Gaztelekuko ekintzak ere antolatu dituzte. Martxoaren 30ean (astelehena) irteera egingo dute Hontza Xtrem-era, eta ibilaldiaren kostua hamabost eurokoa izango da, eta martxoaren 21erako eman behar da izena.

Gaztelekukoek martxoaren 31n eta apirilaren 1ean goizeko ekintzak egingo dituzte, karta jolas txapelketa izango dute asteartean eta mendi buelta asteazkenean. Goizez egingo dituzten ekintzak doan izango dira, baina aurrez izena eman beharko da horietan parte hartzeko, martxoaren 21a baino lehen. Hontza Xtremeko irteerarako izena emateko epea ere hilaren 21a artekoa izango da. Gaztelekuko ekintzetan parte hartzeko izena honako helbide honetan eman behar da.

Ekintzetarako izen ematea online egitea gomendatu dute, baina hala egiteko arazoak izanez gero, Gazteriaren bulegoetara jotzeko edota 943-15 71 61 edo 943-15 71 60 telefono zenbakira deitzeko adierazi dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide