Euskaltzale independentisten "elkargune eta indargune" izango da Azpeitia apirileko azken asteburuan

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 12a

Euskaltzale Independentisten II. Topaketaren aurkezpena, gaur, plazan. (Mailo Oiarzabal)

Agerraldi jendetsuarekin aurkeztu du gaur EHEk herriko plazan datorren hileko 24an eta 25ean egingo duten Euskaltzale Independentisten II. Topaketa. Hausnarketa, kultura eta aisia uztartu dituzte egitarauan.

Urtarrilean aurreratu zuen Euskal Herrian Euskarazek (EHE) apirilean Azpeitian egingo zutela Euskaltzale Independentisten II. Topaketa, eta gaur aurkeztu dute, herriko euskalgintzako, erakundeetako eta bestelako eragileetako ordezkariz inguratuta, datorren hileko azken astebururako, apirilaren 24rako eta 25erako, "euskaltzaleok elkarrekin hausnartzeko eta saretzeko" prestatu duten egitarau mamitsua.

Villabonan 2023an egin zuten lehen topaketa hartako helburuei eutsita antolatu du EHEk bigarren topaketa ere, baina "asko aldatu" diren testuinguruetara egokituta. Horrela azaldu dute gaur plazan EHEko Markel Adinek eta Intza Gurrutxagak. "Prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu edota indartu daitezkeen gogoetatzea; euskalgintzaren erronka berrien inguruan hausnartzea eta horiek Euskararen Errepubikaren norabidean kokatzea; eta, azkenik, euskaltzale independentiston komunitatea saretzea eta indartzea" izango dira Eukaldun Independentisten II. Topaketaren hiru xede nagusiak. Helburu berberak ardatz hartuta, ordea, "abiapuntua ez da berdina", EHErentzat, "Euskal Herrian Euskaraz bera, baina baita Euskal Herria eta mundua ere, asko aldatu" direlako. Hain zuzen ere, aldaketa horiek "parez pare" jarri dizkieten "mehatxu nahiz erronka berriak identifikatzea eta kudeatzea ezinbestekoa" dela uste dute Euskaltzale Independentisten Topaketaren antolatzaileek beren bidean aurrera egiteko.

2023tik gaurdaino aldatu diren zein bere horretan iraun duten hainbat kontu izan dituzte hizpide gaurko agerraldian. "Frantziako zein Espainiako estatuek euren politika supremazista eta linguizidekin jarraitzen dute; kolpatzen gaituen oldarraldi mediatiko, politiko eta sindikalak argi utzi digu zenbatekoak diren egungo marko legalaren mugak eta gabeziak. Gainera, munduan barna indarra hartzen ari den eskuin muturraren mehatxua gero eta gertuago dugu, eta hortik hizkuntza eskubideetan ere atzera egitea besterik ezin genezake espero", adierazi dute, II. Topaketa zer testuingurutan egingo duten kokatzeko.

Egitaraua, prest

EHEko kideen ustez, "Euskararen Errepublikaren, independentziaren, beharra gero eta agerikoagoa" bihurtzen duen testuingurua da hori. Eta, testuinguru horretan, "euskaltzale independentisten elkargune eta indargune"  izateko asmoarekin antolatu dute Euskaltzale Independentisten II. Topaketa, "Euskal Herriko norbanako zein eragile euskaltzale eta independentista orori zuzendutako" egitarauarekin.

EHEk "esker bereziak" eman dizkie beren topaketa Azpeitian antolatzen lagundu dieten guztiei, "Azpeitiko Udalari, Kulturazi, Azpeitiko Ikasberri Ikastolari, Elikaguneari eta, oro har, Azpeitiko herriari". Aitor Larrañaga zinegotziak, bere aldetik, EHEri eman dizkio eskerrak, "horrelako egitasmo bat Azpeitira ekartzeagatik" eta "euskararen alde" egiten duen lanagatik. Azpeitiarrak apirilaren 24ko eta 25eko ekintzetan "parte hartzera animatu" ditu, bide batez, Larrañagak.

Hau da hausnarketa, kultura eta aisia uztartuko dituen bi eguneko egitarau mamitsua:

Apirilak 24, ostirala

  • 18:00-20:00. Ongi etorri Euskararen Errepublikara.
  • 20:30. Kontzertu akustikoa Orkatz tabernan.
  • 22:00. Pala partidak: Martija-Prieto vs. Sanchez-Alkorta (pala motza) eta Urain-Gutierrez vs. Aizpuru-Rosa (gomazko paleta).

Apirilak 25, larunbata

  • 10:00-12:00. Euskaratik independentziara (mahainguru nagusia).
  • 12:30. Joaldunak.
  • 13:00. Ekitaldi politikoa.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 16:00-19:00. Tailerrak (bi txanda).
    • 16:00-17:30.
      • Gazteak eta aisialdia euskaraz: ekosistema oso baten beharra.
      • Desobedientzia zibila iraultzarako tresna.
      • Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Euskal Herriko egoera soziolinguistiko askotarikoa.
      • Kaleak euskaraz: mural margoketa (tailer praktikoa).
    • 17:30-19:00
      • Intersekzionalitatea: teoriatik praktikara.
      • Euskararen Errepublika eta panorama geopolitikoa: aukerak, mehatxuak, erronkak.
      • Kultur sistema sendo bat bai, baina nola?
      • Izan zaitez eduki sortzaile! (tailer praktikoa).
  • 19:00. Musika kalean.
  • 22:00. Kontzertuak: Tapia eta Leturia Band eta Maruxak.
    • Ondoren, DJak Orkatz eta Korrale tabernetan.

Sarrerak eta izen ematea

Zapatu eguerdiko bazkarirako zein gaueko kontzertuetarako sarrerak gaurtik eros daitekez Interneten, Entradium atarian.

Zapatu arratsaldeko tailerrak, berriz, doan izango dira, baina parte hartzeko aurrez eman behar da izena, galdetegi hau beteta.

Diru ekarpenak jasotzeko kanpaina

Bestalde, herritarren diru ekarpenak jasotzeko kanpaina abian jarri du EHEk, Azpeitian egingo duten "topaketa finantziatzeko zein euskararen alde lanean jarraitzeko". IItsulapikoa.eus plataforman jarri dute martxan diru bilketa, eta "erronka" bota diete euskaltzaleei: 5.000 euro batzea. "Bakoitzak ahal duen neurrian, edozein ekarpen izango da ongi etorria", esan dute EHEko kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide