Estilo ugarik bat eginda, prest da Aitzealdenk! jaialdia hasteko

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 13a

Ezpalak iazko Aitzealdenk! jaialdian. (Kulturaz.eus)

Hiru egunetan zazpi musika talde bilduko ditu Aitzealdenk! jaialdiaren laugarren aldiak Azpeitian. Askotariko estiloez gozatzeko aukera izango da gaurtik igandera bitartean Sanagustin kulturgunean.

Laugarren urtez jarraian, Sanagustin kulturgunea musikaz blaitzeko prest da Aitzealdenk! jaialdia, gaur hasi eta igandera bitartean zazpi euskal taldek kontzertuak eskainiko baitituzte han. Aurten, Kulturaz kultur kooperatibak Ayuken Management elkartearekin elkarlanean antolatu du egitasmoa, eta eskuz eskuko lanketaren emaitza da osatu duten kartela: antolatzaileen arabera, "orain arteko pluralena". Ohiko rock doinuen esentziari eutsiz, bestelako estilo batzuez ere gozatzeko aukera izango da aurten, eta tartean, Zestoako musika panoramak leku berezia hartuko du.

Izan ere, Zestoako Ezpalak eta Lin Ton Taun talde ezagunak arduratuko dira jaialdia irekitzeaz, eta haiek izango dira gaurko protagonistak. Iazko "arrakastaren" ondoren, Ezpalakeko kideak "oholtza lehertzera" joango dira berriz Azpeitira, eta haiekin izango da 90eko hamarkadan trikitia eta rocka nahasten aitzindari izan zen Lin Ton Taun ere. Haien musika proposamenak "inoiz baino biziagoa" izaten jarraitzen duela esan dute antolatzaileek.

Aitzealdenk! festaren gaurko egitaraua osatzen duten taldeak herrian ezagunak dira aurretik, baita bihar eta etzi Euskal Herriko txoko desberdinetatik Azpeitira joango diren artisten izenak ere. Bihar, esaterako, rock estilotik "doinu dantzagarriagoetara" egingo du salto jaialdiak, eta Marte Lasarte, Sua eta Fatal taldeen pop eta elektronika doinuak izango dira nagusi oholtzan. Etzi, berriz, giro goxoago batekin agurtuko dute jaialdia: Kulturazekin harreman estua duten Gartxot eta Sara Zozaya izango dira egun horretan zuzenekoa eskaintzen, eta herritarrek haien proiektuez gozatzeko aukera izango dute Sanagustingo arkupe txikian. Horrenbestez, bi proposamen akustiko eta pertsonal horiek emango diote jaialdiari amaiera.

Ezpalak eta Lin Ton Taun taldeen gaurko kontzertuak, bestalde, ordainpekoak izango dira, eta sarrerak aurrez eros daitezke kulturaz.eus webgunean, 13 eurotan. Biharko eta etziko kontzertuak, berriz, ateak irekita eskainiko dituzte taldeek, eta doan entzun ahal izango dira.

Sanagustin kulturgunearen hastapenetan oihartzun handia izan zuen egitasmoari eutsita, Euskal Herriko taldeei ahotsa ematea da antolatzaileen nahia. Kulturaz kooperatiba kultur programa betean murgilduta izan ohi da sasoi honetan, eta halako formatu batek ere erantzun ona izan ohi duela adierazi dute antolatzaileek. "Kontzertuak hiru egunetan sakabanatzeak halako indar bat ematen dio proiektuari, eta komunikabideetan zein zaleen artean oihartzun handiagoa lortzen da. Finean, egitasmoari izena jartzea herritar gehiagorengana iristeko modu bat da, hedapen handiagoa izaten duelako".

Egitaraua:

  • Gaur, ostirala. 22:30. Ezpalak eta Lin Ton Taun taldeak, Sanagustin kulturgunean.
  • Bihar, larunbata. 21:30. Marte Lasarte, Sua eta Fatal, Sanagustin kulturgunean, doan.
  • Martxoak 15, igandea. 18:00. Sara Zozaya eta Gartxot, Sanagustin kulturgunean, doan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide