Geologia ez da paisaietan eta mendietan bakarrik agertzen; eskala txikian ere azaltzen da: lurzoruko buztinetan edo antzinako zeramiken hondarretan. Mikroskopioa eskuan, arrasto horiek guztiak bildu eta ikertzen ditu Ainhoa Alonso Olazabalek (Azpeitia, 1970). Geologiako doktorea da, eta EHUko irakaslea. Buztina, eskuak eta garraioa: iraganaren azterketa geologikoa hitzaldia eman zuen martxoaren 5ean, Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat. Mikro Makro jardunaldietan.
Noiz egin zenuen topo geologiarekin?
Institutuan zientzia irakasle ona izan nuen, eta orduan piztu zitzaidan geologiarekiko dudan jakin-mina: dokumentalak ikusten hasi nintzen, eta horren harira erabaki nuen geologoa izatea.
Geologian murgiltzean, arrokak izan zenituen ikergai?
Bai, arrokekin aritzen naiz. Formakuntza geologikoari dagokionez, arroka gogorren petrologoa naiz, arrokek adierazten duten prozesu geologikoekin aritzen naizelako. Baina 2000. urtean zeramika arkeologikoekin lan egiten zuen lankide bat gaixotu zen, eta hor hasi nintzen zeramikak ikertzen.
Arrokak behatzea lagungarria izan zen zeramikak ikertzean?
Bai. Azkenean, arrokak naturalak dira, eta horien azterketa lagungarria izan da gero zeramikak aztertzeko: arrokek funtsezko ezagutza eman didate pieza arkeologikoak ikertzeko. Zeramiketan adierazle mineralogikoak topatu behar ditut jakiteko nongoak diren. Biak lotuta daude, batik bat antzinakoak direnak.
Zerk harritu zintuen gehien zeramikatik?
Ez nuen pentsatzen zeramikak horrelako informazioa emango zuenik. Ohituta nengoen arrokak mikroskopioan begiratzera eta ikustera material horiek zer informazio ematen zuten. Baina zeramikak behatzean, ikusten nuen zer-nolako ezaugarriak zituzten eta zer-nolako buztina erabili zuten horiek egiteko, adibidez.
(Irakurri osorik Berria.eus webgunean)