Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren finalak hilaren 27ra aurreratu dituzte

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 13a

Ados Pilotaren partida bat Izarraitzen. (Maialen Etxaniz)

Martxoaren 28an Izarraitz pilotalekuan jokatzekoak ziren finaleko partidak aurreko egunean jokatuko dituzte, hilaren 28an Korrika igaroko delako Azpeititik. Emakumeen pilota profesionalen historian lehenengoz gaueko jaialdia egingo dute, eta 20:45ean hasiko dira final handiko partidak. Sarrerak astelehenean jarriko dituzte salgai Ados Pilotaren webgunean

Hasiera batean Ados Pilotak antolatutako Binakako Txapelketaren finaleko partidak martxoaren 28an jokatzekoak ziren Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, baina pilota elkarteak data aldatzea erabaki du, Korrika egun horretan Azpeititik igaroko delako. Horrenbestez, aurreko egunean, hilaren 27an, ostiralez, jokatuko dituzte txapelketaren final handiko partidak. 

Data aldaketa horrek, halaber, mugarria jarriko du: emakumeen pilota profesionalaren historian aurrenekoz, gaueko jaialdia egingo dute. Finaleko partidak 20:45ean hasiko dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 

Jaialdirako sarrerak adospilota.eus webgunean eskuratu ahal izango dira martxoaren 16tik aurrera, 15 euroren trukean.

Jaialdia egunez aldatzeko erabakiarekin, Korrika oztopatu gabe herritarrak bi ekimenetan –Korrikan zein pilotan– parte hartzera animatu nahi ditu Ados Pilotak. Era berean, elkarteak jakinarazi du finaletako sarreren bidez bildutako diruaren zati bat Korrikarentzat izango dela, "kirola, pilota eta euskara norabide berean jarriz". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide