Herriarteko Bertso Txapelketaren Urola Erdiko finala jokatu zuten atzo, ostiralez, Azpeitian, Charles Chaplin tabernan. 22:00etan hasita, sei bertsolari aritu ziren kantuan: alde batetik, Txemaizterrakeko Suhar Gesalaga, Oihana Labiano eta Jon Gurrutxaga; eta, bestetik, Zaharrak Berriko Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria Ministro eta Jokin Uranga. Gai jartzaile lanetan, Ane Iriondo eta Oihana Elduaien aritu ziren, eta giro oso ona sortu zen saioaren bueltan. Leporaino bete zen taberna.
Finalistek askotariko gaiez jardun zuten kantuan, hainbat ariketatan. Azkenean, saio borobila eginda, Zaharrak Berri taldea izan zen garailea, eta horrenbestez, talde hori Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren hurrengo fasera sailkatu da; eskualde mailako lehia irabazita, Gipuzkoakora sailkatu da.
Hain zuzen ere, hurrengo fase horretako saioan Urola Kostako lehen fasea irabazi duen Zarauzko Allepunta taldea eta Urola Erdikoa garaitu duen Azpeitiko Zaharrak Berri ariko dira nor baino nor. Apirilaren 18an, larunbatez, izango da saioa, Sangustin kulturgunean, baina oraindik ez dute hitzordu horren gaineko xehetasun gehiago eman.
Gukak atzoko Urola Erdiko finaleko eta gaurko Urola Kostako finaleko bertsoaldi onenekin osatutako saio berezia eskainiko du datorren astean.