Munduko Jolasen III. Topaketa egin zuten atzo arratsaldean Azpeitiko Azoka Plazan, Elkar-ekinek antolatuta. Kanpoko eguraldi makurretik ihesi, dozenaka haur eta heldu bildu ziren Azoka Plazako aterpean, eta askotariko jolasekin ongi pasatzeko aukera izan zuten. Jolasen aukera zabala jarri zuten Elkar-ekin taldekoek, tartean, partxisa, dominoa, xakea, Backgammon, 4 ilaran edota Mikadoa.
Arratsaldea borobiltzeko, bertaratu zirenek txokolate eta te beroa dastatu ahal izan zituzten, jai giroan esperientziak partekatzen zituzten bitartean.
Jolasaren hizkuntzatik abiatuta, herrian bizi diren hainbat komunitatetako bizilagunak elkar ezagutzeko eta elkarrekin egoteko asmoz antolatu du Elkar-ekinek Munduko Jolasen Topaketa hirugarrenez, aurtengoan, Jolastera etortzea elkartzera etortzea da lelopean.