Biele ISBk luzapena behar izan zuen atzo, igandea, denboraldiko hamahirugarren garaipena eskuratzeko. Castillo de Gorraiz Valle de Egues taldearen aurka aritu ziren otsoak, eta 108-101 nagusitu ziren. Nafarroakoek neurketa oso ona egin zuten, eta garesti saldu zioten garaipena Azkoiti-Azpeitiko taldeari. Haiek oso gertu izan zuten garaipena, baina Iñigo Nuñezen taldeak luzapena behar zuen azken hatsean. Azken unean Biele ISB eraginkorrago aritu zen kantxan eta saria eskuratu zuten.
Partida etxekoen nagusitasunarekin hasi zen. Hasierako 15-5eko partzialak argi utzi zituen Biele ISBen asmoak, baina Sarrigurengoak (Nafarroa) esnatu eta erreakzionatzen hasi ziren, bide batez markagailura gerturatuz. Hala, lehen laurdena 21-17 emaitzarekin amaitu zen. Bigarren laurdenean, berriz, guztiz aldatu zen neurketaren norabidea. Bisitariak gero eta erosoago aritu ziren kantxan, defentsan sendo eta erasoan dezente asmatuz. Hasieran sei puntura ere urrundu ziren kanpokoak, baina geroago baita 11 puntura ere. Nolanahi ere, atsedenaldira iritsi aurretik lortu zuen Biele ISBk markagailua txukuntzea (46-47).
Atsedenaldiaren ondoren partida oso parekatua izan zen. Sarrigurengo taldeak abantaila txikiari eutsi zion hasieran, baina etxekoek markagailua irauli zuten. Partidaren erritmoa eta intentsitatea handitu egin ziren minutuek aurrera egin ahala; markagailuan zegoen parekotasuna ikusita, bi taldeek erakutsi zuten garaipena lortzeko grina. Hirugarren laurdena goitik itxi zuen Biele ISBk, 71-69 amaitu zen eta dema. Azken hamar minutuetan emozioa izan zen nagusi. Nuñezenak aurretik ibili zen denbora guztian, baina Sarrigurengoek sufritzen jakin zuten, eta hainbat hiruko zitali esker berriro aurrea hartu zuen (78-80). Azken txanpan, etxekoak berriro agintzera igaro ziren (85-83), baina Nafarroako taldea ez zegoen amore emateko, asko baitzuten jokoan. Azpeitian garaipena lortzeak balio handia zuen haientzat sailkapeneko azken postuetatik muturra ateratzeko, eta nortasun handia erakutsita, lehia berdindu zuen Castillo de Gorraiz Valle de Egues taldeak hamar segundoren faltan.
Azken segundoak ikaragarriak izan ziren. Nazir Williamsek hiruko ikusgarri bat lortu zuen bakarkako jokaldia eginda, baina gelditzen ziren segundo apurretan, lerro beretik erantzun zuen Sarrigurengo taldeak; ISBko hiru defendatzaileren artean hutsunea aurkitu eta beste hiruko batekin luzapena behartu zuten bisitariek. Nekea artean ezkutuan, erritmo bizian jarraitu zuen lehiak luzapenean ere. Kanpokoek ireki zuten markagailua, baina ondoren puntuen trukea etengabea izan zen. Une batean Sarrigurengoak aurretik jarri ziren (97-99), baina azken uneetan Adria Moncanutek eta Williamsek erabaki zuten partida etxekoen aldera.
Nolanahi ere, neurketa guztian Ierai Aizpitarte etxeko jokalaria nabarmendu zen atzo. Hark 22 puntu eskuratu eta zazpi asistentzia eman zituen 29 puntuko balorazioa egiteko. Garaipenari esker, sailkapeneko bosgarren postuari eutsi dio Biele ISBk, gero eta estuago dagoen play-off postuen erdian mantenduz. Liga erregularra amaitzeko bost jardunaldi falta dira, eta hurrengo dema Cultural y Deportiva Leonesa taldearen aurka izango dute; zapatuan jokatuko dute partida, 18:30ean. Horren ostean, Clinica Ponferrada SDP (etxean), Insolac Caja 87 (kanpoan), Jaen Paraiso Interios CB (etxean) eta UEMC Baloncesto Valladolid (etxean) taldeen aurka neurtu beharko ditu indarrak. Denboraldi amaiera gogorra datorkio taldeari.
Madrilen, hutsa
Domusa Teknik ISBk, bestalde, 69-57 galdu zuen mailari eusteko borroka betean sartuta dagoen Sernova Renovables Real Canoe Madrilgo taldearen aurka. Ondo ekin zion neurketari Luis Agirreren taldeak, jokoan bezala markagailuan ere nagusitasuna erakutsi baitzuen otsoek lehen laurdenean. Ordea, parekatuagoa izan zen partida bigarrenean. Etxekoek neurria hartu zioten ISBri, eta erasoan ere aurreneko laurdenean baino txukunago aritu ziren. Nolanahi ere, otsoek lehen laurdenean lortutako abantailari eutsi ahal izan zioten bigarrenean ere, eta atsedenaldira 35-41 emaitzarekin jo zuten.
Aldageletan egin zuten atsedenaldia, baina, hobeto asentatu zitzaion etxeko taldeari. Domusa Teknik ISB galduta aritu zen erasoan, eta gainera, etxekoak asko asmatzen hasi ziren beren jaurtiketetan. Hala, pixkanaka-pixkanaka urratu zuten Madrilgoek aldea, laurdena 50-51 itxiz. Azken laurdenean, berriz, Azkoiti-Azpeitiko taldea desagertu egin zen, Sernova Renovables Real Canoe taldeak bereari eutsi: hemeretzi puntu jaso zituen Agirreren taldeak, sei baino lortu ez zituenean. Domusa Teknik ISBri ezinezko izan zitzaion hala ezer egitea.
Lehia galdu bazuen ere, Domusa Teknik ISBk bederatzigarren postuari eusten dio oraindik. Dena den, gero eta estuago ari da jartzen sailkapeneko erdialdia, eta bide batez, garestitzen ari da play-off postuetara sailkatzea. Madrilen Geraldynn Leaupepek lortu zituen puntu gehien (16 puntu), baina taldeko onena Elodie Lalotte izan zen; ISBko pibotak 21 puntuko balorazioa lortu zuen 12 puntu eta 13 errebote pilatuta. Datorren ostiralean jokatuko dute otsoek hurrengo jardunaldiko partida; Azkoitiko Elkargunean arituko dira Fustecma NBC Castello taldearen aurka, 18:00etan. Garaipen bat gutxiago duen aurkaria da Castelloko (Herrialde Katalanak) taldea, eta hori hala, funtsezkoa izango dute ISBkoek garaipena lortzea.