Ipar Euskal Herrian herriko bozen lehen itzulia izan zen atzo, igandez. Frantziako Estatuan hauteskundeetara deituta zeuden herritarrak, eta atzoko emaitzen ondotik, Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ez dute bigarren itzulirik egin beharko; izan ere, zerrenda batzuek eskuratu dituzte bozen erdiak baino gehiago.
Hazparneko (Lapurdi) kasua da horietako bat. Atzoko emaitzei esker, Isabelle Pargade Hazparne Bihotzean zerrendaren burua izango da beste sei urtez herri horretako alkate; izan ere, bozen %71,39 bildu zituen hark (2.086 boto). Herritarrekin zerrendako Michel Ospitalek, berriz, bozen %28,61 jaso zituen, hau da, 836 boto. Atzokoan herritarren %33,84k jo zuten abstentziora Hazparnen.
Ipar Euskal Herriko bozen jarraipena Berria.eus webgunean ikus daiteke; han herriz herriko emaitzak bildu dituzte, baita lehen balorazioak ere.
Hazparnek eta Azpeitiak 1983an hasi zituzten senidetzeko harremanak, Imanol Elias alkate zela. Geroztik, harremanak berrartu izan dituzte bi udalek, eta adibidez, senidetzearen 30. urtemugan hainbat ekitaldi egin zituzten.