Etxetik kanpo eta larunbat arratsaldean jokatu zuten Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusiek. Espainiako gizonen Hirugarren mailako Lagun Onak taldea bi puntu galdu izanaren sentipenarekin etxeratu zen larunbat arratsaldean Pasaiaren kontra 1-1 eginda Errenteriako Jesus Mari Zamora futbol zelaian.
Lehen zatian tankeran ibili ziren Lagun Onak eta Pasaia, talde bat bestea baino gehiago izan gabe, alegia. Hala, atsedenean markagailua hutsean zegoen. Bigarren zatian, Riberak pauso bat aurrera eman, eta Azpeitiko taldea jokoaren jabe egin zen. Joko onaren emaitza 60. minutuan iritsi zen Unax Odriozolak jokaldi polit bat egin, baloia Beñat Leizari pasatu eta honek aurkarien atean sartuta. Gol horri esker 0-1 aurretik jarri ziren markagailuan. Ondoren, Alex Letamendiak bigarren gola sartzeko aukera izan zuen, baina Pasaiako atezainak gelditu egin zuen. 94. minutuan, baina, zelaiaren erdian galdutako baloiari heldu zioten aurkariek, eta Lagun Onaken atearen barruan bukatu zuen baloiak. Ondorioz, 1-1 emaitzarekin bukatu zenez partida, puntu bakarrarekin etxeratu ziren Riberaren mutilak.
Lagun Onaken gizonen talde nagusia ez da txukun ibili azken bost partidetan, hamabost puntuetatik bost besterik ez ditu lortu. Beraz, gertatzen denaren inguruan hausnartu beharra dauka taldeak gaurtik aurrera. Izan ere, igandean Reala Cren kontra jokatuko dute Garmendipen.
Irabazten hasi, baina...
Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Lagun Onak ere puntu bakarrarekin etxeratu zen Lasarte-Oriatik, Ostadarren kontra 2-2 eginda. Partida hasi orduko, bigarren minuturako, irabazten hasi ziren Lagun Onakeko neskak, Joane Kortak bandatik erdiratutako baloia Julene Elustondok errematatuta.
Hasi ondo, baina gero partida kontrolatzea kostatu egin zitzaion Azpeitiko taldeari; hamabigarren minutuan beren atean sartu zuten Lagun Onakekoen kontrakoen korner bat. Dena den, huts horri azkar eman zioten buelta, eta 18. minutuan, Lorea Ruedak ateratako korner bat, Malen Zabalak Ostadarrekoen atean sartu zuen. Modu horretan, lehen zatia bukatutakoan 1-2 adierazten zuen markagailuak.
Bigarren zatian ere asko kostatu zitzaien Azpeitikoei kontrakoen zelaia mendean hartzea, nahiz eta Ostadarrekoen zelaiaren aldean ibili erabat. Gainera, atzealdean Lagun Onakekoek egindako akats bati esker markagailua 2-2 jartzea lortu zuten aurkariek, 65. minutuan. Hortik partida bukaerara bitartean ez zuten beste gol aukerarik izan Azpeitikoek, eta puntu bakarrarekin etxeratu ziren.
Datorren asteburuan Garmendipen jokatuko dute, Urolaren kontra.