Datorren azaroan egingo dira Azpeitian 44. Euskal Antzerki Topaketak. Horiek antolatzeko lanean hasi da Azpeitiko Udaleko Kultura Saila, eta topaketetarako antzerki proiektuak aurkezteko epea zabaldu du. Antzerki proiektuak deialdira gaurtik apirilaren 19ra bitartean aurkeztu ahalko dira, eta eskaerak egiteko taldeak Euskal Herrikoak izan beharko dira eta antzezlanak euskaraz.
Antzerki proiektuak aurkezteko aurtengo deialdiak berrikuntza bat du; izan ere, aurkeztutako antzezlana zein formatutan eskaini nahi den zehaztu beharko baitute proposamena egiten dutenek. Hauek dira aukeran izango dituzten bi formatuak: bata A Formatua da. Kasu honetan, era arruntean eskainiko dituzte obrak Soreasu antzokian, Sanagustin kulturgunean edota herriko beste tokiren batean. Bestea, B Formatua izango da. Alegia, formatu txikiko lanak dira horiek, Dinamoa sormen gunean edota antzeko espazioetan eskaintzeko modukoak.
Deialdian parte hartzeko honako materiala aurkeztu beharko dute: eskaera orria, obraren eta taldearen aurkezpena, katxea edota aurrekontua, sinopsia, fitxa teknikoa eta artistikoa nahiz material grafikoa.
Proiektuen proposamenak modu elektronikoan aurkez daitezke Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoan edota aurrez aurre Azpeitiko udaletxeko HAZ bulegoan. Zalantzak argitzeko, berriz, 943-15 70 68 telefono zenbakira deitu daiteke edota kultura@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi.