Pasaiako sarraskia ikertzeko eskatuko dute beste behin segadaren 42. urteurrenean

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 18a

Pasaiako segadan hildakoak oroitzeko iaz egin zuten ekitaldiko irudia. (Mailo Oiarzabal)

Igandean, martxoaren 22an, 42 urte beteko dira Espainiako segurtasun indarrek Dioni Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafa Delas hil zituztela. Urtemuga gogoan, ekitaldia antolatu du Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak egun horretarako. Azoka Plazan elkartuko dira, 12:30ean. 

1984ko martxoaren 22an Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian (Gipuzkoa) hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistako kide ziren Dioni Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Delas Txapas iruindarrak. Ordutik, hildakoen gurasoek eta senideek Pasaiako segadan gertatutakoak argitzeko nahiz justizia eta aitortza aldarrikatu dituzte. 

Aurten ere, Pasaiako segadaren urteurreneko ekitaldia antolatu dute Pasaiako sarraskian hildakoen senideek. Igandean izango da ekitaldia, 12:30ean, Azpeitiko Azoka Plazan. Egia, justizia eta aitortza aldarrikatuko dituzte beste urte batez 42. urtemugaren bueltan antolatu duten ekitaldian.

Kontseilu Sozialistaren ekitaldia

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ere Pasaiako segadan hildakoak gogoratzeko ekitaldi politikoa antolatu du iganderako. Azpeitiko Esklabetako Zentro Sozialistan egingo dute ekitaldia, 13:30ean hasita, Oroimena borrokan eraiki lelopean. Ekitaldiaren ondoren, bertaratutakoentzat mokadutxoa egongo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide