Greba orokorrak jarraipen zabala izan du Azpeitian: industria sektorean enpresen gehiengo zabal batek egin zuen bat deialdiarekin; komertzio ia denek itxi zituzten ateak; sektore publikoan ere oso zabala izan zen grebaren jarraipena, eta ikasleek ere bat egin zuten greba egunarekin. Esandakoaren adierazle dira Landeta, Munategi eta Lasaoko industrialdeak, baita herriko errepide eta kaleak ere. Greba egiteaz gain, mobilizazio jendetsuak egin ziren bai goizean, eta bereziki arratsaldean. Greba egunean parte hartu duten herritarrak zoriondu nahi ditugu, baita bere prestaketan lanean aritu diren dozenaka militanteen lan isila azpimarratu ere. Lan izugarria egon da greba honen prestaketan, eta asko izan dira bere alea jarri dutenak. Lan hori gabe ezinezkoa zatekeen horrelako greba egun bat lortzea.
Gure herrian ere asko dira prekarietate egoeran lan egiten duten herritarrak, pobrezian bizi direnak, hil amaierara iristen ez direnak, eta presio horrekin bizi behar dutenak: eta gurean ere, pertsona migratzaileen eta emakumeen kasuan biderkatu egiten dira egoera horiek. Aldi berean, gogoan izan nahi ditugu herriko merkatariak eta autonomo txikiak. Horietako asko momentu zailak igarotzen ari direla jakitun, bereziki eskertu behar diegu atzoko greba deialdian ateak itxi izana. Zaindu dezagun tokiko merkataritza txikia.
Euskal Herriko milaka eta milaka langilek erakutsitako jarrera, duintasuna eta elkartasuna azpimarratu nahi ditugu. Zenbait ekimen eta mobilizazioren aurrean poliziak izandako jarrera salatu nahi dugu, eta gure elkartasuna adierazi kolpatuak, atxilotuak eta identifikatuak izan ziren langileei.
Garai latzak ditugu parez pare. Eskuin muturraren olatua eta ofentsiba neoliberala eskutik helduta datoz: prekarietatea, pentsioen murriztea, zerbitzu publikoen desegitea, pertsona migratzaileen aurkako neurriak, emakumeen eta sexu disidenteen aurkako jarrera erreakzionarioak, askatasunen mugatzea eta askotariko errepresioa.
Baina langileak elkartuta egin dezakegunaren neurria erakusten digu herenegungo greba orokorrak, baita jarraitu beharreko bidea zein den ere. Lan eta bizi baldintza duinen konkistan borroka berriak irekitzeko garaiak dira. Bide horretan, Azpeitiko Greba Batzordean parte hartu dugun eragile eta norbanakoek elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu nahi dugu.