Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua saria jasotzeko hautagaietako bat da Azpeitiko Udala. Hala jakinarazi du gaur udalak ohar bidez, Bruselatik iritsi den izendapenaren berri jakin berritan. Europako Batzordeak sustatutako sari horiek udalek berdintasunaren, inklusioaren eta aniztasunaren alde egiten duten lana aitortzea dute xede.
50.000 biztanletik beherako udalerrien multzoan izendatu dute Azpeitia finalista, beste lau udalerrirekin batera. Hautagaien artean dira Gipuzkoako beste bi herri ere: Errenteria eta Orio. Horiez gain, Galiziako San Xoan de Rio eta Italiako Mariscovetere sartu dituzte izendatuen zerrendan. Hain zuzen ere, epaimahaiak urrezko, zilarrezko nahiz brontzezko sari bana banatuko du horien artean.
Besteak beste, LGTBIQ+ kolektiboaren beharrak erdigunean jarriz, aniztasuna eta inklusioa udal politiketan modu errealean eta eraginkorrean txertatu izanagatik dago Azpeitiko Udala hautagaien artean. Izan ere, azken bi urteotan, diagnostikotik ekintzetara arteko bidea egin du erakundeak arlo horretan, eta elkarlanean egindako prozesu hori hartu du kontuak Europako Batzordeak.
Apirilaren 21ean izango da sari banaketa ekitaldia Bruselan, eta orduan jakinaraziko dituzte zein udal diren sarituak. Bruselara joango da Azpeitiko ordezkaritza bat, eta udalak zehaztu duenez, sariarekin itzultzea "pozgarria" izango bada ere, finalisten artean egote hutsa "lorpena" da.