Festa giroan murgildu dira Loiolan, San Jose egunean

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 19a

Trikiti eta pandero doinuek girotuta, askotariko produktuak erosteko aukera izan dute herritarrek eguerdira bitartean Loiolako San Jose jaietan. Etxeko txikienek, aldiz, gozatu ederra hartu dute puzgarrietan jauzika. 

Eguraldi paregabearekin hasi dituzte San Jose jaiak Loiolan. Bertako artisauen azoka eta haurrentzako puzgarriak izan dira gaur eguerdiko protagonistak, eta jendetza bildu da bertan. Enaitz eta Maltzetaren trikiti nahiz pandero doinuek girotuta, askotariko produktuak erosteko aukera izan dute bertaratu direnek, tartean, bitxiak, kosmetika produktuak, poltsak edota garaiko jakiak. Etxeko txikienentzat, aldiz, puzgarriak jarri dituzte. 

Eguerdiko festa giroa igarota, arratsaldean ere izango da zer gozatua Loiolan. Izan ere, 17:30ean hasita, aizkoran eta harri jasotzen jardungo dute Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Mikel Larrañagak nahiz Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Xabier Aranburu Guzta-k Loiolako zabalgunean. Bihar, berriz, jaietako azken ekitaldia egingo dute: mus txapelketa. Karta jokorako aukera izango dute hala nahi dutenek, 22:00etatik aurrera, Kiruri jatetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide