San Jose txirrindularitza lasterketa jokatuko da datorren igandean

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 22a

Iaz San Jose saria probaren hasiera Azpeitian. (Nerea Uranga)

Aurtengoa probaren 43. aldia izango da, eta txirrindulariek 84 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Azpeitia eta Iraeta artean bi itzuli eginda eta beste bi Azpeitia eta Altzarte gainaren artean. Lagun Onak txirrindulari taldeak antolatutako proba 15:30ean hasiko da, Loiola hotelaren aurretik.

Junior mailako txirrindulariek urteroko hitzordua izango dute datorren igandean, martxoaren 29an, Azpeitian: San Jose txirrindularitza saria. Aurtengoa probaren 43. aldia izango da, eta txirrindulariek 84 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lagun Onak txirrindulari taldeak antolatutako lasterketa 15:30ean hasiko da Loiola hotelaren aurretik.

Lasterketa hasi aurretik Ikasberri ikastolaren aurrean egin beharko dituzte inskripzioak parte hartuko duten txirrrindulariek. 15:30ean irtenda, Azpeitia, Zestoa eta Iraeta arteko joan-etorria egingo dute eta gero Azpeitian Lan Mobel ondotik Goenara igoko dira, handik Garmendi Gainera jaitsi eta Iraetara bigarren itzulia egingo dute. Behin Zestoatik bueltan, Azpeititik Errezilerako errepidea hartuko dute eta, Domusa Teknik enpresaren ondotik, Altzarte gainetik, Gazteko biribilgunera arteko itzulia bi aldiz egin beharko dute. Altzarte gainetik egindako bigarren itzulia bukatutakoan Gazteko biribilgunetik helmugarako bidea hartuko dute txirrindulariek. Probaren helmuga Loiola hotelaren parean egongo da. Lehen txirrindularia 17:36-17:42 inguruan helmugaratuko dela aurreikusi dute antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide