Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun trenak Aste Santuan hasiko du 2026ko denboraldia. Aste Santuko eta Pazko Asteko egunetan hamar bidaia berezi egingo ditu tren horrek Azpeitiko geltokitik Lasaora bitartean. Zehazki, apirilaren 2tik 6ra bitartean, egunero, bi bidaia egingo ditu: 11:00etan egingo du lehen bidaia, eta 16:30ean bigarrena. Nolanahi ere, museoa bera bidaiak egin baino lehenago irekiko dute; 10:30etik 14:00etara egongo da irekita goizez, eta 16:00etatik 19:30era, arratsaldez.
Apirilaren 7tik aurrera, bestalde, Burdinbidearen Euskal Museoaren irekiera ordutegia honako hau izango da: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era. Asteburuetan ere zabalduko dute, gainera: larunbatetan, 10:30etik 14:00etara nahiz 16:00etatik 19:30era; eta igandeetan eta jaiegunetan –astelehenetan izan ezik– 10:30etik 14:00etara. Aste Santuaren ondoren, eta azaroaren 1era arte, ohiko zerbitzua eskainiko du lurrun trenak. Ondorioz, larunbatero, 12:00etan eta 17:30ean egingo ditu irteerak, eta igandeetan eta jaiegunetan –astelehenetan izan ezik–, 12:00etan.
Aste Santua igarotakoan, gainera, jarduera berezi bat ere eskainiko dute Burdinbidearen Euskal Museoan. Apirilaren 12tik aurrera, igandeetan eta jaiegunetan, Sugina egun batez jardueraz gozatu ahal izango dute bisitariek. Aisialdi jarduera horren bidez, lurrun trenean bidaiatzea zer zen ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.
Historia, museoan
Aurten 100 urte bete dira Urolako trena martxan jarri zutela, eta udan 40 urte beteko dira haren zerbitzua ezeztatu zutela. Urola bailara lotzen zuen trenaren historia ezagutu nahi dutenek Burdinbidearen Euskal Museoan dute horretarako aukera; izan ere, Europako trenbide bildumarik onenetako bat dago hango instalazioetan, mota guztietako ibilgailuz osatua: lurrun trenen makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta hainbat motatako bagoiak.
Era berean, Euskadiko makina erreminta multzo osatuenetako bat ezagutu daiteke museoan, Urolako trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez. XIX. mendearen amaieratik trenbidean langileek erabilitako uniformeen laginak ere badituzte han, baita munduko tren erlojuen bildumarik onenetakoak ere.