Itsaspeak gordetzen duena ezagutzeko aukera, asteazkenean Soreasun

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 20a

Cimasub zikloaren ordezkaria eta Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen zinegotzia, udaletxearen aurrean. (Azpeitiko Udala)

Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak geldialdia egingo du Azpeitian, asteazkenean, martxoaren 25ean. Itsaspeari buruzko sei film labur eta dokumental bat proiektatuko dituzte Soreasu antzokian. Aurten, San Martin egoitzan ere gozatu ahalko dute zikloaz egun berean.

Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak hainbat hitzordu izango ditu aurten Azpeitian, zikloaren arduradunek Azpeitiko Udalarekin elkarlanean antolatuta. Itsas hondoa ezagutaraztea eta harekiko maitasuna eta errespetua transmititzea helburu du zinema jaialdiak.   

Zinema zikloaren Txikizikloaren barruan, hilaren 11n, herriko ikasleek emanaldia izan zuten Soreasun. Datorren astean, berriz, itsaspeko zinemaz gozatzea nahi duten herritarrentzako saioa eskainiko dute Soreasu antzokian. Asteazkenean, martxoaren 25ean, 19:00etan hasita,, zikloaren 49. edizioko sei film labur eta dokumental bat proiektatuko dituzte. Sarrera doan izango da.

Soreasuko emanaldiaz gainera, asteazkenean bertan, Adinzikloaren barruan, San Martin egoitzan ere emanaldia eskainiko dute han bizi diren adinekoei eta haien familiei zuzenduta.

1975ean sortu zuen Cinesub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa Real Sociedad Itsaspeko Elkarteak. 49. edizioa du aurtengoa. Zinema, argazkilaritza eta hezkuntza ditu oinarri zikloak, eta Egia zure begien aurrean du aurtengo leloa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide