Hiru egunetan zazpi musika talde batu ditu Sanagustinen Aitzealdenk! jaialdiak

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 20a

Ezpalak, Lin Ton Taun, Marte Lasarte, Sua, Fatal, Sara Zozaya eta Gartxot bildu ditu Aitzealdenk! musika jaialdiak, martxoaren 13tik 15era bitartean, Sanagustin kulturgunean. Kulturaz kultur kooperatibak eta Ayuken Management elkarteak antolatutako jaialdiaren laugarren edizioa izan da aurtengoa.

Aitzealdenk! musika jaialdiaren laugarren edizioa egin zen joan den asteburuan, martxoaren 13tik 15era bitartean, Sanagustin kulturgunean. Kulturaz kultur kooperatibak eta Ayuken Management elkarteak antolatutako musika jaialdiari esker, hiru egunetan zazpi musika talderen kontzertuekin gozatzeko aukera izan zuten musikazaleek.

Ostiralean, Ezpalak eta Lin Ton Taun Zestoako musika taldeek jendez bete zuten Sanagustin kulturgunea. Larunbatean, berriz, pop eta elektronika doinuek hartu zuten kulturgunea Marte Lasarte, Sua eta Fatal taldeen kontzertuekin. Aurtengo jaialdiaren azken egunean, igandean, Sanagustineko arkupeko oholtzan Sara Zozaya eta Gartxot musikarien txanda izan zen.

Aurtengo Aitzealdenk! musika jaialdiaren hiru egunetako kontzertuak irudietan jaso ditu Kulturaz kultur kooperatibak artxibategi digitalean.

Argazkiak: Kulturaz kultur kooperatiba.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide