Azpeitiko Udalak Hazparnen egin du bat 24. Korrikarekin

Andoni Elduaien

74. kilometro zatian egin zuen udalak lekuko hartzea Hazparnen. (Korrika)

Bi herrien senidetza komiteko kideekin eta Hazparneko (Lapurdi) Herriko Etxeko ordezkariekin batera eraman zuten lekukoa ostegunean Leire Goenaga, Mikel Odriozola eta Aitor Larrañaga zinegotziek.

Datorren zapatuan iritsiko da 24. Korrika Azpeitira, arratsaldez. Ordea, azken urteetako moldeei eutsiz, Azpeitiko Udalak Hazparnen (Lapurdi) hartu du Korrikako lekukoa. Hazparne-Azpeitia komiteak, Hazparneko Herriko Etxeak eta Azpeitiko Udalak elkarrekin hartu zuten lekukoa 24. Korrika hasi zen egun berean, ostegunean.

Azken aldietan bezala, udalak Azpeitiarekin senidetutako herrian ere bat egin zuten euskararen aldeko egitasmoarekin. 23:00 iritsi baino lehen, 74. kilometro zatian hartu zuten lekukoa udala ordezkatuz Hazparnen izan ziren Leire Goenaga, Mikel Odriozola nahiz Aitor Larrañaga zinegotziek eta gainerako eragileek. Atharratzetik (Zuberoa) Bilbora, hamar egunez, eskuz esku eramango dute lekukoa Euskal Herri luze-zabaleko herritarrek. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide