Domusa Teknik ISBk play-off postuen borrokari eusteko garaipena eskuratu zuen herenegun, zapatua, Azkoitiko Elkargunean. Luis Agirrerenek 83-70 hartu zuten mendean Fustecma NBF Castello taldea, hala denboraldiko hamargarren garaipena pilatuz.
Norgehiagoka oso parekatuta jokatu zuten ISBk eta Castelloko (Herrialde Katalanak) taldeak lehen zatian. Lehen laurdena Agirreren taldearena izan zen (24-21) eta bigarrena bisitariena (13-16). Bi laurden horietan markagailuko aginte txandakatzeak une orokoak izan ziren, eta bi taldeek lortutako saskiratzeak, apartak. Hori hala, 37 puntuko berdinketarekin hartu zuten jokalariek aldageletarako bidea atsedenaldian.
Hala ere, lehen bi laurdenetako oreka guztia hirugarren laurdenean desorekatu zen; etxekoen aldera erori zen balantza orduan: Domusa Teknik ISBk 27-13ko partziala lortuta hautsi zuen neurketa. Castelloko taldeak borrokan jarraitu zuen azken unera arte, baina bisitariak ez ziren gai izan otsoek hirugarren laurdenean lortutako errenta txikitzeko.
Azken asteetan bezala, Gerladynn Leuapepe nabarmendu zen ISBn, bereziki; hark gidatu zuen Azkoiti-Azpeitikoen garaipena hogei puntu saskiratuta, sei errebote pilatuta, eta guztira, 24 puntuko balorazioa eskuratuta. Nolanahi ere, talde lanaren emaitza izan zen zapatuko garaipena, play-off postuetako borrokari eusteko balio duena. Bederatzigarren postuan jarraitzen du Domusa Teknik ISBk, eta garaipen bakar batera ditu zazpigarren eta zortzigarren postuak. Datorren igandean, 12:00etan, Iruñean arituko dira otsoak, Oses Construccion taldearen aurka aritzeko. Taldeak denboraldi amaierari neurria har diezaion aurkari zaila da Iruñekoa, baina, aldi berean,
Lehen zatiko odolkiak ordainetan
Biele ISBk, bestalde, 95-83 galdu zuen atzo Cultural y Deportiva Leonesa taldearen aurka, Leonen (Espainia). Hasiera kaskarra egin zuten Iñigo Nuñezenek; izan ere, hamar puntu atzetik jarri ziren lehen laurdenaren amaierarako (28-18). Etxekoek trantsizio azkarren bidez lortu zuten saskirako bidea, baina, batez ere, hiruko lerrotik asmatu zuten. Hain justu, lehen laurdena amaitzeko segundo gutxiren faltan urrundik lortutako saskiratze ikusgarri batekin lortu zuten aldea hamarrera igotzea.
Bigarren laurdenak ere antzerako gidoia izan zuen; Azkoiti-Azpeitikoek ez zuten asmatu etxekoen erritmoa jaistea, ezta haien jokamoldea nahastea ere. Gainera, Leongoek defentsa gogorra eginda estutu zuten Nuñezen taldea; aurkariari min emateko modurik ezin aurkituta aritu zen Biele ISB, eta hala, atsedenaldira 54-31 emaitzarekin ia ebatzita utzi zuten lehia etxekoek; alde handiegia zegoen bi taldeen artean, gauza onerako.
Hala ere, hirugarren laurdenean etxeko taldea lo kantxaratu zen, eta horrek bizia eman zien otsoei. Ierai Aizpitarte eta Mohamed Niang nabarmendu ziren orduan ISBn, eta atsedenaldian 23 puntukoa zen aldea hamabira murriztu zuten Nuñezenek (70-58). Ordea, azken laurdenean saskiratze ugari izan ziren kantxaren bi aldeetan, eta jokamolde horrek ez zion inolako mesederik egin Biele ISBri. Amaieran, azken laurdenaren hasieran zuten aldeari eutsi zioten etxekoek, eta hala lortu zuten garaipena (95-83).
Niang izan zen Biele ISBko onena Leonen; besteak beste, 24 puntu saskiratu eta sei errebote pilatu zituen hegaleko pibotak. Datorren igandean, 18:00etan, neurketa garrantzitsua jokatuko dute Nuñezenek, Azpeitiko kiroldegian. Garaipen kopuru bera duten bi talde arituko dira nor baino nor gehiago: Biele ISB eta Clinifa Ponferrada SDP. Play-off kanporaketak jokatu nahi baditu, nahitaez irabazi beharreko partida da otsoentzat.