0-5 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat Biolina eta biolontxeloa jolasean izenburuko saio irekia antolatu Juan Antxieta musika eskolak martxoaren 25erako, asteazkenerako. Bi hitzordu jarri dituzte aukeran: 17:15ean eta 17:30ean.
Soinuak, jolasa eta familia uztartu nahi dituzte musika eskolakoek asteazkenerako antolatutako saioan: "Soka taldeko jarduera sortzailea eta dibertigarria egin nahi dugu". Jardueran parte hartuko dutenek, soka-instrumentuak ezagutzeko aukera izango dute, mugitu, jolastu eta esperimentatu egingo dute eta familian une berezi bat partekatu, saioaren antolatzaileek aurreratu dutenez.
Asteazkeneko Biolina eta biolontxeloa jolasean ekintzan parte hartzeko baldintza bakarra "musikaz gozatzeko prest egotea" da. "Denon artean giro goxo, alaia eta musikaz betea sortzea da asmoa" esanda, familiak asteazkeneko jardueran parte hartzera animatu dituzte.