Emakumeek berdindu eta gizonek irabazi, Garmendipen

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 23a

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onak taldea, larunbatean, Garmendipen. (Lagun Onak FT)

Ohorezko Erregional mailako emakumeen Lagun Onak taldeak husna egin du Urolaren kontra. Hirugarren Mailako gizonen taldeak, berriz, partidaren hasieran uste ez bezala, hiru puntu eskuratuta bukatu du Reala C-ren kontrako neurketa. Azpeitiko futbol klubaren bi talde nagusiek Garmendipen jokatu dute.

Ohorezko Erregional mailako emakumeen Lagun Onakek Urolaren kontra jokatu zuen larunbatean Garmendipen. Golik ez zen izan norgehiagokan, husna egin zuten. Lagun Onakeko neskak oso ondo hasi zuten partida, jokoan ondo sartuta eta zelaian nagusitasunez jokatuz, gol aukera ugari izan arren, ez zuten golik sartzea lortu, ordea. Urolakoak, berriz, Lagun Onakekoen akatsak baliatuta saiatu ziren gol aukerak sortzen, baina ez zuten asmatu. Azkenean, partida golik gabe eta husna eginda bukatu zen.

Taldeko bi kidek –Naroa Muñoz eta Ane Labaka– belauneko lotailu gurutzatua dutela eta, haiekin gogoratu ziren taldekideak eta entrenatzaileak. Ohorezko Erregional mailako nesken taldean bakarrik ez, gizonen Hirugarren Mailako Lagun Onaken ere belauneko lotailu gurutzatuarekin Pello Odriozola eta Mikel Letamendia lesionatuta daude.

Hiru puntu etxean

Lagun Onakeko Hirugarren mailako taldeak atzo, igandea, irabazi egin zion Reala C-ri Garmendipen, 3 eta 2 eginda. Era horretan, etxeko futbol zelaian urrezko hiru puntu eskuratu ditu Riberak gidatutako taldeak. Partidaren aurreneko lehen minutuetan Realekoak gehiago izan ziren jokoan, baina 15. minututik aurrera, denbora gehiagoan izan zuten baloia Lagun Onakekoek. 19. minutuan iritsi zen Lagun Onaken lehen gola; eskuineko bandatik Markel Uzinek baloia pasatu zion Unax Odriozolari eta honek gola sartu zuen. Une horretatik aurrera,  Lagun Onak Reala baino hobeto aritu zen jokoan. Alex Letamendiak aukera bat izan zuen, baina atearen zutoinean jo zuen baloiak. 

Gero, hamar minuturen barruan, markagailua hankaz gora jartzea lortu zuten Realekoek, 1 eta 2an jarriz. Partida bukatzeko hamar minuturen faltan, berriz, epaileak min hartu eta zortzi minutuz geldirik egon zen partida. Behin berriro partidari ekindakoan, Riberaren mutilak amorratuta berdinketaren bila hasi ziren. Hala, Alex Letamendiak arean baloia jarri eta Jakes Aranbarrik aukerari helduta gola sartu zuen 94. minutuan. Partida berdinketan bukatuko zela uste zenean, penaltiz Jon Sorazuk gola sartu zuen, markagailua 3 eta 2 jarriz. Hala, hiru puntu eskuratu zituen Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide