61 etxebizitza mobilizatu dira urtebetean etxe hutsak merkaturatzeko udalaren planarekin

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 23a

Joanes Amenabar, Nagore Alkorta eta IƱaki Zabaleta, gaurko prentsaurrekoan. (Mailo Oiarzabal)

Udalerrian "hutsik egoteko zantzuak" zituzten 560 etxeetatik 198ren espedienteak tramitatu ditu Etxebizitza Bulegoak plangintzaren lehen urtean: 41 etxebizitza alokairura edo salmentara bideratu dituzte jabeek, beste hogei erabiltzen hasi dira, eta 43 espedientetan kanona aplikatzeko prozedura martxan jarri du udalak. Lehen urteko emaitzekin "oso pozik" dago erakundea.

2025eko urtarrilean aurkeztu zuen Azpeitiko Udalak etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko plana, eta gaur, plan horren lehen urtebeteko emaitzak plazaratu ditu erakundeak. Iaz, Nagore Alkorta alkateak, Joanes Amenabar Hirigintza zinegotziak eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Berritzen udal sozietatearen arduradun teknikoak aurkeztu zuten etxebizitza hutsak merkaturatzeko plana, Basazabalen; gaur ere, toki berean elkartu dira arduradun berberak, udalarentzat "oso balorazio ona" merezi duen lehen urtebetearen bilakaeraren eta emaitzen berri prentsaurrean emateko.

Gaia kokatzeko, duela urtebete azaldutakora itzuli da Alkorta gaurko bere lehen hitzartzean. Horrela, gogora ekarri du alkateak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako "Etxebizitza Legean oinarrituta" jarri zuela martxan udalak dagoeneko urtebete osatu duen plana. Izan ere, lege horrek aukera ematen die udalei etxebizitza hutsaren deklarazioa abiatzeko, etxe bat bi urtean edo gehiagoan justifikatu gabeko arrazoiengatik hutsik dagoenean, etxebizitza horrek bere "funtzio soziala" betetzen ez duenean. "Horixe da Azpeitiko Udalak egin duena. Gaur egun herri guztietan bizi dugun etxebizitza larrialdia kontuan hartuz, gure helburu nagusia etxebizitza hutsak mobilizatzea izan da, hain zuzen ere, etxe horiek beren funtzioa bete dezaten", esan du Alkortak, planaren xede nagusia azpimarratzeko.

Xede horretara iristeko hasi duten prozedurari dagokionez, "149/2021 dekretuak markatzen dituen irizpideak" jarraitu ditu udalak etxe bat hutsik dagoela deklaratzeko eta dagokion prozesua martxan jartzeko. "Kasu guztiak banan-banan aztertu ditugu Etxebizitza Bulegoaren bidez", zehaztu du alkateak, agerraldian behin baino gehiagotan azpimarratu duten prozeduraren pertsonalizazio maila nabarmentzeko. "Eta etxe bat hutsik baldin badago, dekretu horrek kanon bat aplikatzeko aukera ematen digu", gogoratu du alkateak. Hala ere, orain arte tramitatu dituzten espedienteen ondorioz momentuz kanon hori aplikatzera ez direla iritsi argitu dute gaurko agerraldian, horretarako hainbat prozedura martxan jarrita dituzten arren.

Banan-banan eta kasuz kasu

Zabaletak xehetu ditu etxebizitza hutsak merkaturatzeko edota 'betetzeko' udal planaren lehen urteak utzi dituen emaitzak.

Udalak plana martxan jarri zuenean, udalerrian 560 ziren "hutsik egoteko zantzuak" zituzten etxeak, "ur kontsumoa, errolda eta beste irizpide batzuk kontuan hartuta". Horietatik 198ren espedienteak ireki ditu Etxebizitza Bulegoak plangintzaren lehen urtean. "Jabe bakoitzari gutuna bidali zitzaion, beren jabetzako etxeak hutsik egoteko zantzuak zituztela-eta bulegora etortzeko hitzordua emateko. Horrela, etxe jabeek azalpenak eta arrazoiak emateko aukera izan dute, etxebizitzak zer egoeratan zeuden ikusteko", azaldu du Zabaletak.

Bost txandatan banatuta, etxe berrienetatik zaharrenetara, 2020. eta 1972. urteen artean eraikitako  eta hutsik zeuden etxeen jabeei igorri dizkiete gutunak planaren lehen urtean: hurrenez hurren, 2020 eta 2011 artean eraikitako 43 etxeren, 2000 eta 1991 artean eraikitako 37ren, 1990 eta 1981 artean eraikitako 28ren, 1980 eta 1976 artean eraikitako 52ren, eta 1975 eta 1972 artean eraikitako 38 etxeren espedienteak tramitatu ahal izan dituzte.

Banan-banan elkartu dira jabeekin Etxebizitza Bulegoko langileak, eta banan-banan aztertu dituzte kasu guztiak. Lehen urtean espedientea irekitako 198 etxebizitza guztiek dute igogailua, Zabaletak zehaztu duenez, "beti ere, merkatuan jartzeko errazenak" izango zirela kontuan hartuta. Planaren barruan aurreikusitakoaren arabera, beren etxe hutsak "Bizigune programara bideratzea" da etxe hutsen jabeek Etxebizitza Bulegoan jaso duten gomendio orokortua, eta horrela egitea erabakitzen dutenek bulegoan bertan jasotzen dute Eusko Jaurlaritzarekin izapideak egiteko laguntza, Azpeitia Berritzeneko arduradunak azaldu duenez. "Behin baino gehiagotan elkartu izan gara etxejabe bakoitzarekin eta, Nagorek esan bezala, kasuz kasu aztertzen ditugu egoerak", gehitu du Zabaletak.

Hasitako espedienteen %30,8

Lehen urteko lanketaren emaitzak hiru bloketan banatu dituzte:

  • 61 etxebizitza huts, duela urtebete arrazoi bategatik edo besteagatik hutsik eta erabilerarik gabe zeuden 61 etxe, mobilizatu dituzte; irekitako espedienteen %30,8, beraz. 61 etxe horietatik 41 salmentara edo alokairura bideratu dituzte –azken horietatik bederatzi Bizigune programara–, eta beste hogei etxebizitzak, saldu edo alokatu gabe, baina "hutsik egoteari utzi diote, norbait hara bizitzera joan delako edo orain erabilera ematen diotelako etxeari". Etxe jabeak edota haien senideak-eta dira, kasu horietan, hutsik zeuden etxea erabiltzen hasi direnak.
  • Etxebizitza huts gisa identifikatutako ia 200 espedienteetatik %20,7tan, berriz, jabeek frogatu dute etxe horiek badutela erabileraren bat, "nahiz eta kontsumo txikiak izan". Ohiko etxebizitzak, astea herritik kanpo pasatu baina asteburuan etxera itzultzen direnen bizilekuak, familiaren bigarren etxebizitzak... askotariko kasuak daude multzo horretan.
  • Azkenik, 198 espedienteetatik 43tan (%21,6) hasi du udalak etxe hutsei kanona aplikatzeko prozedura, 36 kasutan ofizioz eta beste zazpitan jabeek beraiek onartuta. Prozedura hori irekitzeak "ez du esan nahi kanona denei apikatuko zaienik", zehaztu du Zabaletak, alegazioak aurkezteko aukerak zein epeak aurreikusita baitaude prozedura horietan. Momentuz, bi kasutan kobratu du kanona udalak, gaur emandako datuen arabera.

Herritar guztientzako onura

Udala "oso pozik" dago etxebizitza hutsak merkaturatzeko planaren lehen emaitzekin. "Duela urtebete esan genuen guretzat etxe bakar bat merkaturatzea ere emaitza ona izango zatekeela, familia unitate bati bizi-proiektu bat garatzeko emango zitzaiolako. Bada, 41 etxe salmentara edo alokairura bideratzea eta beste hogeiri erabilera ematen hastea, guretzat, oso datu ona da, duela urtebete hemen elkartu ginenean gustura sinatuko genukeena", adierazi du Azpeitiko alkateak gaurko agerraldian.

Lehen urteak utzitako datuak eta kopuruak hainbat alderaketa egiteko baliatu ditu Amenabarrek, plana bera eta etxe hutsei erabilera ematea "herritar guztientzako onuragarria" dela azpimarratzeko. Bizibide programara bideratu dituzten bederatzi etxeak soilik kontuan hartuta, adibidez, zera zioen zinegotziak: "Udalak alokairu sozialera bideratzeko hamar etxe eraiki beharko balitu, 1,5 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke, lurra aparte utzita".

Inbertsio publikoaren optimizazioaz eta etxebizitza hutsak merkaturatzearen gainerako onura zuzenez haratago, planaren beste "eragin positibo" batzuk ere azpimarratu dituzte udal ordezkariek, hala nola "etxebizitzen funtzio sozialaren inguruko kontzientzia handitzea", herritarren artean egindako "pedagogia lana" –hasieran uzkur agertu diren etxe jabeak barne–, edota herentziak eta bestelako egoerak tarteko "blokeatuta" zeuden jabetza egoerak konpontzeko pausoak eman izana. 

Etxe hutsak merkaturatzeko plana "hasi besterik ez" dela egin nabarmendu dute, azkenik, udal ordezkariek. Lehen urteko emaitzek plana "baliagarria" dela erakutsi duela uste dute eta, horrenbestez, aurrera jarraituko dute bide beretik. "Pozik gaude hutsik zeuden 61 etxe mobilizatzea lortu dugulako, eta pozik gaude etxeen funtzio sozialaren gaia mahai gainean egon delako. Etxebizitzari lotutako beste neurri batzuk ere alde batera utzi gabe, plan honekin jarraitzeko asmoa dugu", berretsi du alkateak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide