Bi filmekin osatu dute asteburuko zinema karteldegia Soreasu antzokian: Hamnet eta Hoppers. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, eta emanaldien aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere bai.
Igande arratsaldeko haurrei zuzendutako saioan (16:30) emango dute Hoppers animaziozko filma (AEB, 2026). Honela dio filmaren sinopsiak: "Mabel neska gazte bat da, eta animalien erreinuan infiltratzea lortzen du, bere burua kastore robot bati transferituta. Errege kastore baten lagun egiten da Mabel, Jorge erregearen lagun, eta animalia ezberdinekin elkartuko da higiezinen sustatzaile baten planen aurka borrokatzeko".
Igandean (19:30) eta astelehenean (21:00), berriz, Hamnet (Erresuma Batua, 2025) ikusteko aukera izango da Soreasun. Oscar sarietan zortzi izendapen eskuratu dituen filma da. William Shakespeareren emazte Agnesen istorioa kontatzen du, nola familiako ezbehar bat gainditzeko Agnesek borroka egin behar duen. Istorio honen ondorioz sortu zuen Shakespearek bere lanik garrantzitsuenetariko bat, Hamlet.