'Sémiramis / Don Juan' balleteko ikuskizuna Kursaalen ikustera joateko autobusa jarriko dute

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 24a

(Kursaal.eus)

Apirilaren 12an, igandea, 19:30ean hasiko den dantza emanaldirako izango da Kursaal Eskura egitasmoaren barruan antolatu duten doako garraio zerbitzua. Autobus hori erabili nahi dutenek martxoaren 30erako eman behar dute izena udaleko Kultura bulegoan.

Le Ballet de L'Opera National du Capitole de Toulouse konpainiak Sémiramis / Don Juan ikuskizuna taularatuko du apirilaren 12an, 19:30ean, Kursaalen. Christoph Willbalden musikan oinarrituta, Angel Rodriguezek eta Edward Clugek egin dituzte koreografiak. Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Azpeititik dantza emanaldi hori ikustera joan nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute joan-etorrirako.

Kursaal Eskurak antolatutako garraio zerbitzu guztietan bezala, doako autobusa erabili nahi dutenek ikuskizunerako sarrera erosi behar dute lehenbizi kursaal.eus webgunean; 52 euro balio du sarrera garestienak, eta 11 merkeenak. 30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek, ordea, ikuskizunerako sarrerak ere udaletxean erreserbatu behar dituzte, autobuseko joan-etorriarekin batera. 3 eurotan lor dezakete sarrera gazteek eta langabetuek; sarrera autobusarekin batera erreserbatu ondoren, kontzertuko egunean Kursaaleko leihatilan ordainduko dute horiek sarrera, adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatuta, beti ere.

Azpeitia eta Donostia arteko joan-etorrirako autobusean izena emateko, berriz, udaleko Kultura sailera bertaratu, 943-15 70 68 telefono zenbakira deitu edo kultura@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi beharko da. Horretarako azken eguna martxoaren 30a izango da. 

Apirilaren 12an, 17:45ean irtengo da autobusa Azpeititik, anbulatorio aurreko geltokitik.

Antolatzaileek adierazi dutenez, gutxienez 15 pertsonako taldea osatzen ez bada, eskaintza bertan behera geratuko da, eta erositako sarreren dirua itzuliko dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide