Paul Beitia Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideak Euskara borrokan bizi da izeneko hitzaldia eskainiko du etzi, osteguna, 18:30ean hasita, Azpeitiko Azoka Plazako goiko aretoan. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatutako saioa izango da.
"Euskara borrokan bizi da, baina, azken urteetan, euskararen borroka soziala apaldu egin da eta hizkuntzaren funtzio informalak galduz joan dira" azaldu du. Hori horrela, testuinguruak hausnarketa eta borroka berriak eskatzen dituela zehaztu du. Euskara borrokan bizi denaren baieztapenak zentzu bikoitza du EHKSrentzat: "Lehenik, euskara borrokan bizi da minorizazio gorrian dagoelako: gizarteko funtzio formaletatik kanporatua dago oraindik Euskal Herriko hainbat zonaldetan, eta, koofiziala den tokietan ere, estatus hori ezbaian dago, hizkuntz eskakizunen inguruan atera diren sententziei erreparatuta. Funtzio sozial informalak ere galtzen ari da bere arnasgune tradizionaletan, batik bat masa-kultura kapitalistaren nagusitasun erabatekoa tarteko. Bigarren zentzuan, euskara borrokaren bidez bizi da. Hau da, minorizazioak minorizazio, euskal hiztunen eta, oro har, euskaltzaleen eragiletza kontzienteak iraunarazi du euskara, hau da, euskalgintza sozialak".
Halaber, egungo "geldotze aroaren" testuinguru horretan eta "euskalgintza sozial indartsu baten faltan", euskararen defentsa ikuspegi antiproletariotik, biltze identitariotik eta arrazakeriatik egiten duten ahotsak ugaritzen ari direla, eta horren aurrean Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak hiru eginkizun nagusi dituela ere adierazi du: "Hizkuntza eskubideen defentsa, erreakzioaren aurkako borroka ideologikoa eta hizkuntza politika komunista beharrezkoak ditugu".
Beraz, besteak beste, euskararen auziak daukan gaurkotasuna, auzia ikuspegi politikotik lantzeko beharra eta komunisten zereginak izango dituzte hizpide osteguneko saioan. Horrez gain, euskararen auziari lotuta, orain arte egindako analisiak ere landuko dituzte solasaldian.