Aurreko asteburuan erabaki ziren Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren finalak. Promozioko finala Sagarduik eta Etxeberriak Arrutiren eta Alberroren kontra jokatuko dute, eta maila nagusiko finala Iturriagak eta Orbegozok Oskozen eta Arrastiaren aurka. Pilotako finalak ostiral honetan jokatuko dituzte, 20:45ean, Izarraitz pilotalekuan.
Larunbatean jokatutako finalerdian Iturriaga eta Orbegozo nagusi izan ziren Mujikaren eta Ruiz de Larramendiren kontra, 22-8 irabazita. Horrenbestez, Oihana Orbegozo azpeitiarrak etxeko finala jokatzeko aukera lortu zuen, Beste finalerdia igandean izan zen Legazpin, eta 22-17 irabazi zieten Oskozek eta Arrastiak Barrokali eta Perezi.
Sarreren zati bat Korrikara
Finalerako sarrerak haurrentzako doan izango dira, eta helduenek 15 euro balioko dute. Dagoeneko eros daitezke sarrerak Ados Pilotaren adospilota.eus webgunean. Finaleko sarreretatik lortutako diruaren zati bat Korrikara bideratuko du Ados Pilotak: "Finalerako sarrera erostea final handi batez gozatzea baino gehiago da: aldi berean, emakume pilotarien eta euskararen alde egitea da".
Beraz, Azpeitian jokatuko dituzten finaletan "pilotak eta euskarak bat egingo dute", Ados Pilotako Eneritz Arrietak adierazi duenez. "Pilota eta euskara, biak, dira gure herriaren parte, gure identitatearen parte. Pilota gara, euskara gara".
Jon Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotziak denboran atzera egin, eta iazko udaberrian Iruñean, aurtengo Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren finala Azpeitian jokatzeko lekukoa "gogo handiz" jaso zutela gogoratu du, eta pilotazaleak ostiralean Izarraitz pilotalekura joatera animatu ditu.