Sokari helduta ibili da maiz Andoni Etxeberria (Azpeitia, 1981) herriko kaleetan, eta korapilo hura askatu bazuen ere, beste zaletasun baten erritmora josten jarraitzen du bizitzaren haria; dantzan, alegia. 7 urte inguru zituela hasi zen Luis Alberdi Luix Beltza-rekin euskal dantzak ikasten; etxe ondoan zuten Luix Beltza dantza eskolako lokala eta haraxe joan ohi ziren arreba eta biak. Gurasoek betidanik izan dute erromeriarako zaletasuna; gainera, ama aiarra izanik, makina bat aldiz zapaldu izan dute etxeberriatarrek Aristerrazuko plaza.
15 urterekin hasi zen Sahatsa dantza taldean, Alberdiren bidez. Etxeberria gazteak oraindik autoaren gidabaimenik ere ez zuenez, Juan Luis Lizabe Sahatsako arduradunak egiten zizkion txofer lanak. Lizabe, Etxeberriaren "gidari pertsonala" izateaz gain, euskal dantzen inguruan gehien irakatsi eta lagundu dion maisua izan da: "Asko zor diot Lizaberi, niri dantzan irakasten eta hobetzeko laguntzen pasatu dituen ordu guztiengatik".
Lizabe izan zen Etxeberria aurresku txapelketetan parte hartzera animatu zuena ere. "Astearteetan eta ostegunetan entseatuz, urte mordoxka egin nituen aurresku txapelketaz txapelketa". Gogoan du Euskadiko Aurresku Txapelketan parte hartu zuen lehenengo aldia, Errenterian (Gipuzkoa). "Larunbateko kanporaketara espektatiba handiegirik gabe joan nintzen, lehiaketako gainerako dantzariek zuten maila ona ikusita. Behin desafioa, alpargata eta aurreskua dantzatuta, han jaso nuen lehen ezustekoa: hamar dantzari onenen artean sailkatu eta hurrengo eguneko finalerako txartela eskuratu nuen". Finalean, ordea, aurreko hiru dantzez gain, zortzikoa dantzatu behar zuten, eta Etxeberriak ez zuen dantza hura prestatu, ez baitzuen finalera iristerik espero: "Larunbat iluntzean bertan, afaldu ondoren, Lizabe eta biok Baztartxora [Azkoitia] joan ginen zortzikoa prestatzera".
Iritsi zitzaion azpeitiar dantzariari finalaren eguna, baita zortzikoa dantzatzeko unea ere. Etxeberria bezperan prestatutakoarekin hasi bazen ere, erdibidean zer egin behar zuen ahaztu eta aurreko pausoak errepikatzen hasi zen, ez gelditzeagatik. "Lizabek jendearen artetik keinuak egiten zizkidan pausoak imitatuz, baina alferrik! Nik baino okerrago pasatu zuten beraiek", gogoratu du barre artean. Azpeitiarrak ez omen du inoiz irabazteko grina berezirik izan: "Dantzan egin, disfrutatu, eta ondoren, lagunartean mokadutxoa! Hori gustatzen zitzaidan niri, plana".
Mugak zeharkatzeko beldurrik gabe, hainbat lekutako jaialdietan parte hartu du Sahatsa taldeak: Londresen, Suitzan, Grezian… Baina bereziki bada bat Etxeberriari ahaztuko ez zaiona: "Suitzako jaialdia izugarria izan zen, oroitzearekin bakarrik oilo-ipurdia jartzen zait. Mundu osoko dantzariak elkartu ginen bertan, eta Sahatsa ez zen inor baino gutxiago izan; etxeko lanak ongi eginda eraman genituenez, emanaldi ederra eskaini genuen. Ongi menderatuak genituen dantzak, bata bestearen atzetik, ikurrina airean… Ikusgarria izan zen, asko gustatu zitzaion jendeari", gogoratu du azpeitiarrak.
2016. urtean egin zuten Katalina de Erauso izeneko pastorala ere berezia izan zela aitortu du. Hainbat emanaldi eskaini zituzten, horietako bat Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Ondoren, hiriburuko Alde Zaharreko elkarte batean afaldu zuten guztiek batera: "Iparraldekoak kantuan aritu ziren gelditu ere egin gabe, oso ondo pasatu genuen", dio, nostalgia puntu batekin.
Garai haiek, ordea, oroitzapen izatera pasatu ziren dantzako taldekideak ezkontzen eta guraso izaten hasi zirenetik: "Zaildu egin zitzaigun dimentsio horretako bidaiak egin ahal izatea, eta jada badira urte batzuk dantza taldearekin bidaiatzeari utzi geniola". Taldeko gazteenek penaz bizi dute erabaki hori, gustura egingo bailukete horrelako bidaiaren bat.
Lagunartea eta gozamena
Adin eta izaera ezberdinak tarteko, Sahatsa taldean oso harreman eta giro ona dituztela aitortu du. Dantzak harreman eta lagun ugari egiteko aukera ahalbidetu dio, baita maitasun kontuetarako ere: "Dantzari esker jende asko ezagutu dut, lagun asko egin ditut, emazteak eta biok ere Sahatsan ezagutu genuen elkar".
Sahatsan lagun taldea aurkitu badu ere, argi du konpromisoa eta errespetua ezinbesteko balioak direla talde baten barruan: "Talde oso bat dago atzean, eta horrek diziplina izatea eskatzen du, besteekiko errespetuagatik bada ere". Taldea babeslekua ere bada jendearen aurrean dantza egiteko unean; "eszenatokian eroso sentitzen naizen arren, taldean aritzeak segurtasuna ematen dit".
Kaleak eta oholtzak eskaintzen duten esperientzia ezberdina da askorentzat, baina Etxeberriak garbi dio: "Eszenatokian hobeto egiten da dantza, zorua egokia delako, baina kalean dantzan gehiago gozatzen dut". Kaleko giroak liluratzen du dantzaria, nahiz eta lurraren baldintzek dantzarako erronkak jarri.
Dantzan mugimendu biziak, hanka jasotzeak eta saltoak dira gehien gustatzen zaizkionak azpeitiarrari; halakoetan, hankak jaso, arnasa bizkortu eta plazer hutsean murgiltzen da. Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak dira profil horretan gehien egokitzen zaizkionak, baita Ipar Euskal Herriko suletinoa ere. "Dantza zailenak dira horiek, teknika eta indarra izatea eskatzen dutelako, baina behin menperatzen dituzunean, politenak ere badira nire gusturako".
Dantzak ematen dion guztia ere ezinbestekoa zaio: "Osasuna, deskonektatzeko aukera eta, batez ere, lagunartea". Sokamutil jarduna bezain garrantzitsua izan da dantza azpeitiarrarentzat. Elkarren artean erabat ezberdinak izan arren, bada bietan aurkitu duen zerbait: "Gozamena".
Dantzak eta sokan jarduteak duten antzekotasun handiena "bietan sortzen den giro ederra" da, lagunartea. "Bai sokan eta bai dantzan, inoiz ezagutuko ez ginatekeen pertsonak elkartu gara, eta sekulako talde giroa sortu dugu. Bietan gozatu dut asko".
2010ean hasi zen helduen sokamuturrean sokan, eta 2023ko Astearte Karnabal arratsaldean egin zuen azken saioa. Sokamutil izateari amaiera data jarri bazion ere, argi utzi du dantzari ez diola mugarik ezartzen. "Beti esan izan dut, hanka altxatu eta bueltan etortzen den bitartean dantzan jarraituko dudala", dio barrez. Dantzarako gogorik ez zaio itzaldu oraindik, eta horri eutsiko dio, plazak eta lagunarteak ematen dioten bizitasunaz gozatzen.
Motzean
Adina: 44 urte.
Lanbidea: Loreto biltegiko langilea.
Dantzaria ez banintz... mugitzea eta giro ona ahalbidetzen duen zerbait egingo nuke.
Dantzatik kanpo gustuko dut... kirola.
Sahatsako dantzariak, 2022an Azkoitian egindako ekitaldi batean; erdian, Andoni Etxeberria. (Andoni Elduaien)
2013ko San Sebastian egunean, Erdikalean, Etxeberria sokan. (Utzitakoa)