Haurren autonomia sustatzeko lanketa egin du Azpeitiko Udalak, baita Haurren Kontseiluak ere. Herri hezitzaileen lan ildoetako bat da umeen autonomia sustatzea; izan ere, herriaren osasunaren adierazlea da haurrak herrian modu independentean eta seguruan mugitzea. Horri lotuta, haurrak Azpeitian eskolara zergatik ez diren oinez joaten aztertzen hasi zen udala, eta iazko ikasturtean, ikastetxeen bidez, galdetegi bat bidali zieten gurasoei. Inkesta haien ondorioetako bat izan zen segurtasun falta dela gurasoen kezketako bat.
Azken hilabeteetan autonomian eragiteko eta segurtasuna lortzeko zer hobetu daitekeen aztertu eta lehentasunak zehaztu dituzte. Besteak beste, zebra bide batzuek arrisku egoerak sortzen dituztela identifikatu dute, eta horiek saihesteko hainbat neurri hartuko ditu udalak: zebra bide batzuk margotuko eta beste batzuetan dauden zuloak konponduko ditu. Gainera, zebra bide batzuen ondoko aparkalekuak ere deuseztatuko dituzte, ikusgarritasuna hobetzeko, hala nola epaitegi ondoan, Jose Artetxe kaleko biribilgunearen ondoan nahiz Garate Anaia kalean.
Horrez gain, beharrezkotzat jo dute autoak gaizki aparkatuta ez uzteko oztopoak jartzea, hesiak edo lorontziak baliatuta. Gainera, Udaltzaingoak lagunduko du ikastetxeetarako bidean segurtasuna bermatzen, eta gainera, kontzientziazioan eragiteko lana egingo du. Gainera, udalak azaldu duenez, eskolan bideen segurtasuna hobetzea umeen autonomia areagotzeko neurrietako bat da baina ez bakarra, eta beraz, datozen hilabeteetan ere hainbat proiektu gauzatuko dituela azaldu du.
Dagoeneko, baina, egin ditu esku hartze batzuk udalak, eta hartu ditu neurri batzuk. San Martin estratan, adibidez, loreontziak jarri ditu Izarraizpe ikastola publikoak erabiltzen duen eraikinaren aurrean eta ikastetxe horren Perdillegi kaleko eraikinaren aurreko autobus geltokia handitu du. Bestalde, Euskal Herria auzoan autoen aparkaleku bat kendu du erakundeak, bizikletentzako lekua jarrita, eta igerileku ondoko zebra bidearen argiztapena hobetu du.